Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kirol sailak eskaintzen dituen Carmen Adarraga saria jasoko du Marian Azpirozek, Gipuzkoako surfean izandako "ibilbide aitzindariagatik". Foru erakundearen arabera, Azpiroz "Gipuzkoako surfaren erreferentea" da, eta horregatik, aitortza egingo diote martxoaren 11n, Donostiako Kirol Etxean.
Surfarekin lotutako ibilbide luzea du Azpirozek. Orain gutxi zendu den bere senar Iñigo Letamendiarekin eta Miguel Azpiroz anaiarekin batera, Pukas Surf sortu zuen 1979an, eta aitzindaria izan zen kirol horretako txapelketak Gipuzkoara ekartzen, konkretuki Zarautzera. 1988an antolatu zuten mundu mailako lehen txapelketa herrian, izugarrizko ikusmina piztu zuena Euskal Herri Osoan. 2018an Zarauzko Udalak egindako omenaldi herrikoian azaltzen zuen Azpirozek nola joan ohi ziren senarra eta biak mugaz bestaldera bertako surf txapelketez gozatzera. Ikusitakoa herrian egin zitekeelakoan jo zuten udalera, eta erakundeak beraiei eman zien eginkizun horretarako ardura.
Txapelketen antolaketaz gain, nazioartean zabaldu zuten euren Pukas marka ere. Senarrak surf taula artisauak egiten zituen bitartean, berak bainujantziak sortzen zituen hasierako urteetan, eta lehen denda Zarautzen ireki ostean zabaldu zuten marka han eta hemen, familia negozio bati mundu mailako oihartzuna emanez. Mundu mailako surflari erreferente askok erabili dituzte Pukaseko surf taulak, baita txapelketak irabazi ere -adibidez, Sunny Garciak Munduko Txapelketa irabazi zuen Pukas taularekin 2024an-. Dena dela, harrobia ere beti zaindu izan du Pukasek, hala nola Ibon Amatriain, Aitor Frantzesena Gallo eta Aritz Aranburu.