Mugikortasuneko segurtasun kanpaina soilik txirrindulariengan zentratu duenik ukatu du udalak

Maddi Txintxurreta 2026ko otsailaren 20a

Bizikleta bat, atzeko argiarekin. (Intza Trula)

Kalapie taldeak adierazi du ez dela egokia mugikortasunari lotutako segurtasun kanpaina soilik bizikleta erabiltzaileengan zentratzea, gainontzeko garraiobideak arriskutsuagoak direnez gero. Udalak esan du ez duela horrelakorik egin, eta Udaltzaingoak arriskuen prebentzioaren arloan egiten duen lana goretsi du.

Zarauzko Udalak bultzatutako Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza izeneko kanpainaren baitan, bizikleta erabiltzaileek argiak erabiltzen dituzten egiaztatzeko kontrolak egin ditu Udaltzaingoak azken bi hilabeteetan. Denbora horretan, 782 pertsona gelditu dituzte, eta horietatik 85 isundu. Kanpaina horrekin desadostasuna agertu du Kalapie taldeak, haren iritziz, segurtasun kanpaina "soilik bizikleta erabiltzen dutenengan" zentratu duelako udalak. Aldiz, erakundeak erantzun dio ez duela horrelakorik egin.

Txirrindularien elkartearen ustez, "bizikidetza eta segurtasuna bilatzen dituen kanpaina bat mugikortasuneko garraiobide guztietara zuzendu behar da, eta, gainera, kontuan izan behar du guztiek ez dutela arrisku bera sortzen, are, istripu gehienak eta larrienak automobilek sortzen dituztela".

Horregatik, Zarauzko Udalak bultzatutako kanpainarekin desadostasuna agertu du Kalapiek, ardura soilik bizikleta erabiltzaileengan jartzen duelakoan. Elkarteko kideen aburuz, egokiagoa litzateke segurtasun kanpaina trafikoa baretzera eta hiriko abiadura mugak errespetatzera bideratuko balitz, eta horretarako, beharrezkoa deritzo azpiegitura egokiak izatea, besteak beste, segurtasunez zirkulatu ahal izateko bidegorri sare oso bat.

"Ibilgailu motordunek gure kaleetako gehieneko abiadura errespetatzen dutela eta oinezkoen guneetan aparkatzen ez direla ziurtatu behar da, eta ez dugu ikusi horretarako udal kanpainarik", gaitzetsi dute.

Udala, harrituta

Zarauzko Udalak, bere aldetik, harridura adierazi du Kalapiek esandakoen aurrean, eta gogorarazi du "publikoak eta nabarmenak" direla Udaltzaingoan ibilgailu motordunen gidariei urtean zehar egiten dizkieten kontrolak.

Erakundeak Udaltzaingoaren lana defendatu du, baita udalak berak azken urteetan trafikoko segurtasuna hobetzeko egin dituen lanak ere. Gogora ekarri du Zarauzko sarbideetan galtzadak margotu eta seinaleztatu dituela, abiadura murrizteko eta segurtasuna hobetzeko helburuz. Horrez gain, nabarmendu du duela gutxi herriguneko kale batzuetan zirkulazioaren noranzkoa aldatu duela, eta datuak izateko goiz bada ere, itxuraz motordun trafikoa gutxitu dela kale horietan.

"Era berean, ArantzazuLabekin proiektu pilotu bat garatzeko lankidetzan aritu ondoren, Gipuzkoako lehen herrietako bat gara, lehenengoa ez bada, erabilera partekatuko eremu bat ezarri duena, non oinezkoak eta bizikletak lehentasuna duten ibilgailu motordunaren aldean, zeinak abiadura gehienez orduko 20 kilometrora murriztu behar duen", gaineratu du.

Hori guztia kontuan izanda, Zarauzko Udalak ukatu egin du segurtasun kanpaina soilik txirrindularientan zentratu duenik: "Mugikortasuna, errespetua eta bizikidetza proiektuaren barruan, ez dira soilik bizikleta erabiltzaileei zuzendutako kanpainak egiten, ibilgailu motordunen gidariei, oinezkoei eta gure bide publikoko gainerako eragileei zuzendutako beste kontrol eta kanpaina mota batzuk ere egiten dira".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide