Eskola kirolaren aldeko argazki jendetsua aterako dute bihar

Intza Trula 2026ko otsailaren 20a

Haurrak partida bat jokatzen, eskola kirolean. (Guka)

Zarauzko Udalak, herriko ikastetxe eta kirol elkarteekin batera, "babes irmoa" adierazi nahi dio eskola kirolari, "urteetan zehar eskaintza eraginkorra, ekitatiboa eta onuragarria" eskaini izanagatik. Horregatik, argazki jendetsua aterako dute 11:15ean hondartzan, Gurutze Gorriaren egoitzaren aurrean.

Eskola kirolaren aldeko argazki kolektiboa aterako dute bihar goizean hondartzan. Izan ere, Zarauzko Udalak, herriko ikastetxe eta kirol elkarteekin batera, "babes irmoa" adierazi nahi dio "herrian historikoki egin den kirol-aniztasunaren ereduari". 11:15ean aterako dute aipatu argazkia, Gurutze Gorriaren egoitzaren parean, eta herritar guztiak animatu dituzte bertan azaltzera. 

Azken arau aldaketak direla eta, Zarauztik "kalitatezko eredu anitz eta integral baten aldeko mezua indartu" nahi duela azpimarratu udalak, urteetan zehar eskaintza hori "eraginkorra, ekitatiboa eta onuragarria" izan delako. Era berean, udalaren esanetan, eredu horrek "lesio bide izan ohi den espezializazio goiztiarra ekiditen du, eta, bere ordez, adinari eta ezaugarriei egokitutako edukiekin ikaskuntza mailakatua jasotzen du haurrak".

Gaitasun teknikoak, fisikoak, erabaki-hartzea eta ulermen taktikoa ez ezik, eskola kirolean "adiskidetasuna, errespetua eta ahalegina bezalako balioak barneratzen dituzte haurrek", udalaren esanetan. Hori horrela izanik, eskola kirolaren alde ondorengoa esan du erakundeak: "Kirol-aniztasunaren inguruko azken hamarkadetako jardunak eta ikerketek argi egiaztatu dute eskola kirolak ez duela soilik pertsona kirolari trebe bilakatzen, baizik eta etorkizunerako pertsonen oinarria dela, bai jarduera fisikorako, bai errendimendurako, eta baita goi-mailako kirolariek beren bidea egin ahal izateko ere".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide