EH Bilduk salatu du Merkatu Plazako zorua duela urte batzuk baino "are arriskutsuagoa" dela gaur egun

Intza Trula 2026ko otsailaren 20a

Merkatu Plaza. (Guka)

Koalizio subiranistak dio Merkatu Plazako zorua ez dela segurua, eta salatu du "irrist egiteak, erorketak eta beldurra" eragiten dituela. EH Bildu 2022tik ari da arazo honi konponbide emateko eskatzen.

EH Bildu Merkatu Plazako zoruaren egoeraz kexu da. Koalizio subiranistak ohartarazi du bertako zorua "ez dela segurua", eta 2022an salatu zituzten arazoak "areagotu" egin direla: arazoen artean aipatu dituzte irrist egiteak, erorketak eta beldurra dira. Taldearen ustez, "denborak erakutsi du ez zela lur egokia, baina gaur egungo egitekoa ez da iraganari begiratzea: premiazkoa da arazoari konponbide eraginkorra jartzea”.

Horren aurrean, udal taldeak azpimarratu du egoera "onartezina" dela: "Jendeak euria egiten duen egunetan ez du merkatura sartzeko konfiantzarik, eta hori ezin da normaltzat hartu". Ildo beretik, koalizioak esan Zarauzko merkatuaren garrantziaz mintzatu da: "Herriaren ondarea da, eta bertan lan egiten dutenen duintasuna babesteko, segurtasuna da lehenengo baldintza; izan ere, merkatua ez da soilik salerosketa gunea, baizik eta Zarauzko herriaren nortasunaren, ekonomia biziko eta komunitatearen eguneroko topagune nagusietako bat".

EH Bilduren ustez, EAJ eta PSE-EE taldeek osatzen duten gobernuak ez du "behar adina neurri hartu, eta horrek arrisku egoera mantentzen du". Zera gehitu du: "2022an esan genuen bezala, onartezina da obra bat egin eta berehala ez‑labaintzeko tratamenduak eman behar izatea. Baina okerragoa da lau urte geroago egoera berean edo larriagoan jarraitzea".

Halaber, koalizioak gogorarazi du merkatariek eta baserritarrek ere "behin eta berriz" eskatu dutela konponbidea. "Merkatua bizirik mantentzeko, jendeak segurtasunez ibili behar du. Ez da kapritxoa, ez da estetika: funtzionaltasuna eta segurtasuna dira oinarria", egin du azpimarra.

Hori horrela, EH Bilduk "berehala" neurriak har ditzan eskatu dio udal gobernuari. Zehazki, "zorua berriz jartzea edo bestelako irtenbide tekniko eraginkorra ezartzea aztertzea" eskatu du: "Arazo hau ez da gehiago luzatu behar. Zarauztarrek eta merkatariek merezi dute espazio segurua, erabilerraza eta ondo kudeatua”.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide