Zarauzko II. Piano Topaketa egingo dute otsailaren 28an, larunbatarekin. Iaz bezala, egun osoko hitzordua izango da, eta 10:30ean hasi eta 19:30 arte 130 piano jotzaile igoko dira Modelo aretoko oholtzara. Zarauzko ikasleez gain, Elgoibar, Oiartzun eta Orioko gaztetxoak izango dira hilabeteko azken egunean Zarautzen.
Hiru taldetan banatu dute topaketa, adinaren arabera. Lehen mailan 11 urte arteko gaztetxoak ariko dira, bakarka eta lau eskutara. Bigarren maila 11 eta 14 urte bitartekoentzat izango da, eta horiek ere bakarlari moduan eta lau eskutara eskainiko dituzte kontzertuak. Azkenik, 14 urtetik gorakoentzat osatu dute taldea.
Antolatzaileek azaldu dutenez, lehen mailako musikariek nahiz bigarren mailako erdiek goizean zehar eskainiko dituzte emanaldiak, guztira 77 musikarik. Beste denak, berriz, arratsaldean igoko dira oholtzara, 53 musikari, orotara. Diplomak ere banatuko dituzte goiz eta arratsaldean, 13:30ean eta 19:45ean, zehazki.
Herrikoak, ia 30
Imanol Urbieta musika eskolan Laura Bilbao irakaslearekin ikasten duten 29 piano jotzaile izango dira Zarauzko II. Piano Topaketan, eta horiek ikustera joan nahi dutenek doakoa izango dute sarrera. Hala eta guztiz ere, egunean bertan Modeloko atean jarriko dituzten gonbidapenak beharko dira sartzeko.
Lehen mailan zortzi zarauztar igoko dira oholtzara: Malen Errandonea, Lili Agirrezabal, Udane Ollora, Uma Moran, Valeria Pissani, Iñaki Merchan, Dara Alejandre eta Malen Samper. Bigarren mailan, aldiz, hamasei izango dira zarauztarrak: Martin Nazabal, Uxue Gallastegi, Lexuri Aldalur, Arlette Alves, Intza Sagardogi, Naroa Mutiloa, Nahia Manterola, Edith Agirre, Marina Jimenez de Aberasturi, Aiur Gaztelu, Axel Egiazabal, Leire Murua, Yon Azpitarte Clara Ortiz de Urbina, Malen Alustiza, Ane Mendizabal eta Maddi Garcia. Azken taldean ariko dira Amaia Garcia, Lur Zenekorta, Ane Manterola eta Lucia Azpiroz.