Laura Moran: "Emakume askok bikotekideari ere ez diote hitz egiten masturbazioaz"

Iraia Oteiza 2026ko otsailaren 12a

Laura Moran. (Utzitakoa)

Laura Moran (Santurtzi, Bizkaia, 1981) sexologo eta bikote terapeutak OrgasMitos bere liburuan oinarritutako hitzaldia eskainiko du datorren asteartean Zarauzko Modelon, 19:00etan. Doako saioa izango da, gaztelaniaz.

Sexualitateaz hitz egingo duzu, mitorik gabe. Sexua mitoz beteta al dago? 

Bai, sexua uste okerrez beteta dago, tabu ikaragarriz, eta mitoek ez digute uzten sexuaz behar bezala gozatzen. 

Zein litzateke, esaterako, oso zabalduta dagoen mito horietako bat? 

Zakilaren tamainarena oso hedatuta dagoen mitoa da, plazera emateko eta plazera sentiarazteko gaitasunarekin lotzen baita. Eta ez da hala, zakilaren tamainak ez baitu zerikusirik koitoan sentitzen den plazerarekin. Sentsibilitate gehien duen organo femeninoa klitoria da, eta hori estimulatzeko zakilaren tamainak ez du batere garrantzirik.

Zergatik ez dut sexuarekiko desiorik sentitzen? izenburupean eskainiko duzu saioa. Sexua eta gozamena, ez al doaz eskutik? 

Ez beti. Argi izan behar dugu desioa elikatu egin behar dela, beti ez dela berez gertatzen den zerbait. Esaterako, bere bikotekidea ikaragarri gustatzen zaio norbaiti, baina estresatuta dabil, osasun arazoren bat du, edota seme-alabak ditu eta ez du ezertarako astirik. Bada faktore horiek desioa murriztea eragin dezakete. 

Desinformazio handia al dago sexualitateari buruz?

Guztiz. Sexuaz ikasteko ditugun iturriak pornografia eta film erromantikoak dira, eta biak gezur handi bat dira.

Ikastetxeetan sexu heziketa gehiago behar al da?

Egia da umeei eta nerabeei gero eta gehiago hitz egiten zaiela sexuaz ikastetxeetan. Nik ere hitzaldiak eskaintzen ditut zenbait zentrotan, baina askotan guraso elkarteen mende egoten da sexuaz noraino hitz egin dezakegun. Batzuetan kontrazepzio gaietara eta sexu bidez transmititzen diren gaixotasunen prebentziora soilik mugatzen da ikastetxe batzuetako sexu heziketa, eta kanpoan uzten dira –gero eta gutxiago gertatzen bada ere– sexu orientazioaren, onespenaren edota plazeraren gaiak. 

Urte askoan sexualitatea beldurrari eta lotsari lotuta egon da. Aldatzen ari al da?

Egia da lehen, adibidez, emakumeek ezin izaten zutela esan masturbatu egiten zirenik; baina duela urte batzuk Satisfyer fenomenoa bizi izan genuen, eta emakumearen masturbazioa armairutik ateratzea lortu genuen. Baina oraindik isilpeko gaia da; emakume gehienek bikotekideari ere ez diote hitz egiten masturbazioaz.

OrgasMitos. Sexualitatea gozatzeko dago, ez kunplitzeko liburuaren egilea zara. Sexu harremanak kunplitzeagatik izaten direla uste al duzu?

Penetrazioari lotutako sexualitatea daukagu, beti gizonaren zakilaren ingurukoa. Eta hori ez da justua emakumeontzat; baina ezta gizonentzat ere, eredu patriarkatu horrek zakil handia edukitzea, erekzio iraunkorrak izatea eta beti sexurako gogoz egotea eskatzen baitie. Azken finean, generoaren arabera bereizitako estereotipo eta rol ezberdinak daude.

OrgasMitos iburua agortuta dago saltokietan. Badirudi sexuak interesa sortzen duela.

Sexuak jakin-min handia pizten du, bai, teorian atsegina den zerbait delako. Gizakiari plazera ematen dion oro errepikatzeko joera dugu, baina sexua ezkutuan egin beharreko zerbait ere bada, eta hori ere oso erakargarria da. Halaber, sexua emozio negatibo askorekin lotuta doa, bekatu sentsazioarekin, erruarekin, lotsarekin, beldurrarekin... Beraz, pasioak pizten ditu, baina baita zenbait beldur ere.

Hobe informatu eta prestatu sendatu baino leloaren defendatzaile sutsua zara. Zer esan nahi duzu horrekin?

Sexu terapiaren inguruko kontsulta asko ez lirateke egongo sexuari lotuta ongi hezita egongo bagina. Oroitzen dut behin eiakulatzaile goiztiarra zela zioen gizon bat izan nuela kontsultan, penetrazioan hogei minutu baino irauten ez zituela zioena. Noski, hark pornografian ikusitakoa ezagutzen zuen, eta berak errenditzen ez zuela sentitzen zuen. 

Hori guztia noizbait norbaitek era egoki batean erakutsi izan balio, gizon hark ziurrenik ez zukeen kontsultara etorri beharrik izango. Horregatik, hezkuntzaren, informazioaren eta prestakuntzaren defendatzailea naiz, ondoren 'sendatzera' inora joan beharrik ez izateko. 

Etorkizunean sexualitateaz libreago eta mito gabe hitz egingo dela uste al duzu?

Bide onetik goaz. Zalantzak ditut, ordea, okerreko usteak egotetik noizbait libratuko ote garen. Uste dut garai bakoitzak bere borroka izango duela eta beti egongo dela zerbait berria irakasteko eta normalizatzeko. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide