Iñaki Peña: "Gertu tokatu arte, jendeak nahiago du heriotzan ez pentsatu"

Intza Trula 2026ko otsailaren 12a

Iñaki Peña 'Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat' liburuaren egilea. (Utzitakoa)

Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat liburuaz ariko da Iñaki Peña bihar Garoan. Gai tabuak diren heriotza eta dolua landu ditu, istorio pertsonalak teoriarekin uztartuz.

Azkenaldian gauzak zertxobait aldatu badira ere, heriotzak oraindik ere gizartean estigma bat izaten jarraitzen duela argi du Iñaki Peña medikuak. Helduek zein gazteek saihestu ohi duten elkarrizketa bat da, mahaiaren bueltan isiltasuna sorrarazten duena eta, oro har, jendea deseroso sentiarazten duena. Hesi horiek apurtzeko asmoarekin, Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat liburua kaleratu zuen Zarauzko bizilagunak, eta Garoa liburu dendan aurkeztuko du bihar, 18:30ean. Heriotzez eta doluez pluralean hitz egiten du egileak, "hainbat motatakoak baitira".

Heriotzak eta doluak. Trilogia dokumental bat izenburudun liburua aurkeztuko duzu bihar Garoan. Gai potoloa da, herritarren gehiengoak gustuko ez duena. Zergatik landu nahi izan duzu?

Heriotzak eta doluak izena du liburuak, pluralean, heriotza mota ezberdinak jorratzen ditudalako bertan, eta doluak ere askotarikoak izan daitezkeelako. Hau, berez, Master Amaierako Lanaren moldaketa bat da; zainketa aringarrien inguruan egin nuen, 2024an, Katalunian. Lanketa kualitatibo bat izan zen, eta orain informazio horri buelta bat eman eta liburu bihurtu dut. Hiru dokumentaletan jasotako elkarrizketetan bildutakoa eraman dut orrialdeetara: Aulki hutsak, S(u/a)minetik bakera eta Mendian hil. Hirian hil dokumentaletakoa, alegia. Orotara, 300 aipamen baino gehiago daude jasota.

Heriotza eta dolua dira zure lan guztien oinarria. Zer ohitura sozial daude heriotzaren aurrean gizartean?

Lanarekin hasi nintzenetik hona hamalau urte igaro dira, eta gizarte mailan aldaketarik egon dela nabari dut. Hau da, duela urte batzuk baino gehiago hitz egiten da orain heriotzaz eta doluaz, baita haurrekin ere, eta gaur egun badago horren inguruan irakurri nahi duenarentzat materialik. Alabaina, gaiarekiko ukazio handia dago oraindik ere, eta hori aldatzea oso zaila da. Heriotza gertu tokatu arte, jendeak nahiago du horretan ez pentsatu.

Isiltasun hori apurtzea izan al da liburua kaleratzearen helburuetako bat?

Azken finean, gaiaz hitz egiteak lagundu egiten du, eta ahulguneak identifikatzen ere lagun dezake.

Zein dira gaur egun estigma sozial handiena duten gaixotasunak?

Minbizia eta alzheimerra, adibidez. Horrez gain, heriotzaren aurretik beldur handia diogu zahartzeari. Hori kuriosoa da, garai batean adinekoa izateak prestigioa baitzuen, eta gazteek arretaz entzuten zieten helduei. Esperientziarekin eta jakituriarekin lotzen zen zahartzea, eta orain beldurra diogu urteak betetzeari. Batzuek irain modura hartzen dute; ez dakitena da adinekoa eta pertsona aktiboa izan zaitezkeela aldi berean, eta kognitiboki oso ongi egon. Gaur egun, ordea, mendekotasunarekin eta gaixotasunekin lotzen dugu bizitzaren etapa hori, eta, beraz, inork ez du zaharra izan nahi.

Liburuaren laburpenean bi heriotza mota nabarmentzen dituzu: aurretiaz jakin daitekeen heriotza eta bat-bateko heriotza. Zer ezaugarri ditu bakoitzak?

Orokorrean, aurrez jakin daitekeen heriotza errazagoa izan daiteke aurre egiteko. Gaixoek zein ingurukoek denbora izan ohi dute gertatzen ari denaz jabetzeko eta landu beharrekoa lantzeko. Horregatik, kasu horietan saiatzen gara jendeak bizitza aprobetxa dezan, eta egunik alferrik ez galtzeko esaten diegu. Halere, batzuei kostatu egiten zaie doluaren prozesu hori heriotzaren aurretik egitea, eta hori ere onargarria da. Bat-bateko heriotzak, ordea, konplikatuagoak izan ohi dira. Askotan laguntza profesionala eskatzen dute; adibidez, suizidioa, erailketa edo istripua sar genitzake bloke honetan.

Bizitza hainbat emozio eta bizipenen arteko nahasketa dela ere badiozu liburuan: poza eta tristura, mina eta osaketa, erorketa eta altxatzea, haserrea, itxaropena… Horiek ezagutu eta aztertzea garrantzitsua dela deritzozu?

Gizarteak ez du heriotzaz hitz egin nahi tristurarekin lotzen duelako, eta, orokorrean, tristurarekin lotutako guztia baztertu egiten dugu. Hor dago akatsa, txanpon guztiek bi alde baitituzte. Heriotzaz ari garenean, adibidez, alde txar bat dago, noski, baina beste aldeari erreparatzea ere garrantzitsua da. Heriotzak transformatu egiten gaitu, eta horrelako bizipen latz bati esker pertsona osatuagoak izan gaitezke, baita helduagoak ere. Gainera, gai izan gaitezke prozesu bera igarotzen ari den pertsona bati laguntzeko, enpatia sentitzeko...

Nola lagun diezaioke liburu honek doluan dagoen pertsona bati?

Alde teorikoa eta testigantzak biltzen ditu liburuak, eta biak izan daitezke irakurlearentzat erabilgarriak. Lehenengoari dagokionez, autore berriak ezagutu ditzakete, eta, bigarrenari dagokionez, dolua pasatzen ari den edo gaixo dagoen pertsona bat identifikatuta senti daiteke. Nolabait ulertuta edo babestuta senti daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide