23 gaztetxok osatzen dute aurtengo Zarauztarra Txirrindulari Elkartea

Julene Sorarrain 2026ko otsailaren 8a

Gaur goizean aurkeztu dituzte Zarauztarra Txirrindularitza Elkarteko talde berriak, Aritzbataldeko pilotalekuan egindako ekitaldian. Hori ez ezik, txirrindularti gaztetxoek ginkanan eta hainbat jolasetan parte hartzeko aukera ere izan dute.

Zarauztarra Txirrindulari Elkarteak aurtengo talde berrien aurkezpena egin du gaur goizean. Eguraldi txarra dela eta, ekitaldia Aritzbataldeko pilotalekura lekualdatu dute, eta bertan, bizikletarekin ginkanan eta hainbat jolasetan parte hartzeko aukera izan dute txirrindulari gaztetxoek.

Elkarteko entrenatzaile Denis Sanchezek azaldu duenez, aurten guztira 23 haur eta gaztetxo batu dira elkartera, iaz baino bost partaide gehiago, hain zuzen. "Talde txikia gara, eta sekulako aurrekontua ez badugu ere, aurten izena eman duten gaztetxo guztiak ikusi ondoren, poztu egiten gaitu txirrindularitza hazten ari dela jakiteak". Hala, 23 txirrindulari horiek hiru mailatan banatuta daude: benjaminak, alebinak eta infantilak, zehazki.

Aurtengo denboraldia hilabete honetan hasiko dute, Zarautzen bertan jokatuko den pistako hastapenarekin. Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioarekin elkarlanean antolatu dute hitzordua, eta oro har, ziklismoan dauden modalitate ezberdinak probatzeko aukera ematen die txirrindulari gazteei.

Dagoeneko Gabonetako ospakizunak amaituta, entrenamendu garaiari ere eman diote hasiera. Hain justu, astelehenetan eta asteazkenetan entrenatzen dute, arratsaldeko 17:00ak aldera, eta ordu beteko saioak egiten dituzte, Abendaño inguruan edota Itxasmendiko pistan.

Aurtengo helburuak ere zehaztu ditu Sanchezek. "Guretzat garrantzitsuena bizikletan nola ibiltzen den ikastea eta gainerako taldekideak errepestuz tratatzea da, baita etxera osorik iristea ere entrenamenduen ostean". 

Talde berrien aurkezpena gaur egin badute ere, kirola probatzeko eta kluba ezagutzeko aukera zabalik dagoela argitu du Sanchezek. Horretarako, interesdunek informazio gehiago lor dezakete zarauztarra@zarauztarra.org helbidera idatzita, baita 605 71 54 68 deituta edota kiroldegiko harrerara bertaratuta ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide