Merkatua, sukaldaritzaren erdigune

Julene Sorarrain 2026ko otsailaren 7a

Herritar ugari erakarri du gaur goizean Merkatu plazan egin den Azokatik Mahaira sukaldaritza tailerrak. Anne Otegi sukaldariaren eta Aitziber Aizpuru nutrizionistaren gidaritzapean, sasoiko produktuekin egindako platerak kozinatu dituzte bertan. 

Gipuzkoako Azoken Sarea lantaldeak Zarauzko Udalarekin elkarlanean antolatuta, Azokatik Mahaira sukaldaritza tailerra egin dute gaur goizean Merkatu plazan. Anne Otegi sukaldariak eta Aitziber Aizpuru nutrizionistak gidatu dute, eta asko izan dira saioa jarraitzera gerturatu diren herritarrak. 

Hala, Otegik merkatuan bertan eskuratutako produktuekin etxean egin ahal izateko errezatak prestatu ditu, bertaratutakoei azalpenak eta aholkuak eman bitartean. Aizpuru, bestetik, ikastaroan erabilitako barazkien propietateez aritu da, baita elikagai bakoitzak nutrizionalki dituen abantailez ere.  

Amaieran, tailerrean sukaldatutako platerak dastatzeko aukera izan dute, eta hori ez ezik, bertaratu diren guztiei sasoiko produktuekin egiteko lau errezeta banatu zaizkie karpeta batean, gaurko saioan ikasitakoa ondoren etxean praktikan jarri dezaten. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide