Zarauzko Udaleko Berdintasun sailak bat egin du indarkeria bikarioaren aurkako Latidos Mariposas proiektuarekin. Hori dela eta, hainbat ekintza antolatu ditu datozen asteetarako. Aipatutako proiektua Itziar Pratsek eta Isabel Martinezek bultzatutako sentsibilizazio ekimen bat da, indarkeria matxistaren muturreko adierazpen bat ikusarazteko: seme-alaben aurka egindako indarkeria, amei ahalik eta kalte handiena eragiteko helburuarekin.
Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak azaldu duenez, "Latidos Mariposas proiektuarekin bat egitea Zarautzek indarkeria bikarioaren aurrean ez duela beste aldera begiratzen argi eta garbi esateko modu bat da". Tximeletek proiektuarekin duten lotura baliatuta, Berdintasun sailak herritarrak gonbidatu nahi ditu euren etxeetan tximeletak sortzera eta horiek otsailean zehar Emakumeen Etxera eramatera. Horiek egiteko hainbat material erabil daitezke, hala nola papera, oihala edo artilea. Gainera, parte hartzea errazteko, bi tailer ireki antolatu ditu udalak tximeletak egiten ikasteko, Susana Esparzak gidatuta. Lehenengoa otsailaren 11n izango da, 17:00etatik 19:00etara; bigarrena, aldiz, hurrengo egunean, 11:00etatik 13:00etara.
Programazio horren barruan, Prats eta Martinez Zarautzen izango dira martxoaren 6an, Modelo Aretoan. Bertan, euren esperientzia partekatuko dute eta indarkeria bikarioari buruzko hitzaldia emango dute. Halaber, martxoaren 7an ekitaldi publiko batean parte hartuko dute Emakumeen Etxearen pareko plazan, ekimenaren amaiera sinboliko eta komunitario gisa. Bai Modelo Aretoa, bai plaza, otsailean kolektiboki egindako tximeletekin apainduko dituzte. Gainera, Zarauzko ikastetxeak ekimen honetan parte hartzera gonbidatu ditu udalak, "txiki-txikitatik sentsibilizazioa sustatuz".
Proiektua, xeheki
Proiektua Itziar Pratsen esperientzia pertsonaletik sortu zen, aitak bere bi alabak hil ondoren, eta oroimenerako, salaketarako eta kontzientziazio kolektiborako gune gisa antolatu zen. Bizitzaren eta oroitzapenaren sinbolo diren tximeletak sortuz, ekimenak indarkeria bikarioari buruzko hausnarketa sozial sakona sortu nahi du. Proiektuari buruzko informazio guztia bere webgunean kontsulta daiteke.
Berdintasun departamentuak programatutako tailerretan eta jardueretan parte hartzera animatu nahi ditu herritar guztiak, indarkeria matxistaren eta, bereziki, indarkeria bikarioaren aurkako memoriaren, salaketaren eta konpromisoaren keinu kolektibo horrekin bat eginez.