Gela programaren barruan, gaur arratsaldeko Photomuseumeko saioan hirurogei eta hirurogeita hamarreko hamarkadetatik aurrera istorioak kontatzeko modua aldatu zuen zinemari buruz hitz egingo dute. Sarrera doakoa izango da, eta ohi bezala, 18:00etan hasiko da.
Garai horretan, heroi klasikoen kontra, gizarte arauetatik kanpo bizi diren pertsonaia "gazte, errebelde eta kontraesanez beteak" agertu ziren. Photomuseumeko kideen arabera, Bonnie and Clyde, Easy Rider, Taxi Driver edo Badlands filmek pertsonaia "gazteak, marjinalak eta bortitzak" proposatu zituzten, beren adimenagatik eta zentzu moralagatik nabarmentzen ez zirenak. Gehitu dutenez, "bulkadaz jarduten zuten, akatsak egiten zituzten eta, kasu askotan, indarkeria erabiltzen zuten, baina hala ere, zinemak bere istorioak modu lasaian, ia poetikoan eta iritzi argirik gabe kontatzen zituenez, ikusleak gertutik jarraitu eta behatu zituen".