Santa Ageda eguna da gaur, eta tradizioei eutsiz, santa eskean atera ziren atzo iluntzean, bezpera izanik, Zarautz Abesbatza eta Zarazte abesbatza, herriko kaleak girotzeko asmoz.
Hain zuzen, Musika plazan eman zioten hasiera ibilbideari, eta jarraian, kalez kale ibili ziren kopla kantari, Zarautztrik elkarteko trikitilarien eta Felix Zubia eta Aitor Urbierta bertsolarien laguntzarekin. Asko izan ziren kalejirara batu ziren herritarrak, eta makilak eskuetan, hainbat geldialdi egin zituzten herrian barrena jende guztia kantuz jartzeko asmoarekin.