Emakume Futbolari Eguna ospatuko dute larunbat eguerdian

Aritz Mutiozabal 2026ko otsailaren 4a

Bi talde, iazko Emakume Futbolari Egunean. (Aritz Mutiozabal)

Izena emateko aukera zabalik dago, eta 15 urtetik gorakoek parte har dezakete.12:00etan elkartuko dira talde guztiak plaieroetako lokalean, eta 12:30 aldera hasiko dira partidak.

Emakumeen plaieroak indartzeko eta horiei herrian ikusgarritasuna emate aldera, Emakume Futbolari Eguna antolatu zuen Zarauzko Hondartzako Futbol Txapelketaren antolakuntzak duela bi urte. Emakumeei zuzendutako jardunaldi bereziak erantzun ona izan du aurreko aldietan, eta bide horri jarraipena eman nahian, larunbat honetan hirugarren urtez egingo dute egitasmoa.

Izen ematea zabalik dago, eta horretarako propio sortu duten galdetegi digitala bete behar da. 15 urtetik gorako gazteei zuzenduta dago egitasmoa, eta talde bakoitzak gutxienez zazpi jokalari izan beharko ditu; taldeak gutxieneko jokalari kopurura iritsiko ez balira, antolatzaileekin harremanetan jarri daitezke, eta egoera moldatzen saiatuko dira.

Partidei dagokienez, hamabost minutuko bi zati izango ditu norgehiagoka bakoitzak. Edonola ere, plaieroen antolatzaileek argi eta garbi zehaztu dute egitasmoaren izaera zein den: "Txapelketako eskemak ahaztu eta lagunarteko giroan plaieroez gozatzeko aukera izango da".

Hamaiketakoarekin ekingo diote jardunaldiari, plaieroetako lokalaren aurrean, eta pixkanaka-pixkanaka talde guztiak bertan elkartuko dira, 12:00etarako. Jarraian, Zarakatun batukada feministarekin batera, talde bakoitza dagokion joko eremura joango da, eta 12:30 aldera hasiko dira norgehiagokak. Giro atseginean hondartzako futbolaz gozatzen duten bitartean, batukada alde batetik bestera ibiliko da, eta musika ere jarriko dute.

Iaz hemezortzi taldek parte hartu zuten Emakume Futbolari Egunean. Beraz, antolatzaileek herritarrak animatu dituzte izena ematera: "Animatu gurekin batera hondartza okupatzera! Ez begiratu, etorri eta jolastu!".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide