Zarauzko alderdi Sozialistak "irmoki" gaitzetsi nahi izan du "udalerrian gertatzen diren jarrera arrazista, xenofobo edo diskriminatzaile oro, edonondik datorrena eta edonoren aurka zuzentzen dena". Izan ere, alderdiaren esanetan, komunikabide batek Karambola dendako langileek jasandako "irainak eta errespetu faltak" salatu ditu, eta horiek "ezin dira normalizatu". PSE-EEk azpimarratu du Zarautz "herri irekia, anitza eta abegikorra" dela: "Horrelako jokabideek ez dituzte gizarte gisa defendatzen ditugun bizikidetza-balioak ordezkatzen".
Hala, PSE-EEko bozeramaile Inaxio Illarramendik mezu argi bat helarazi nahi izan dio kaltetutako saltokiari, eta ondorengoa esan du: "Inork ez luke irainik, isekarik edo jarrera arrazistarik jasan behar bere lantokian. Pertsonen errespetua eta duintasuna guztiaren gainetik daude, eta ez daude jatorriaren, adinaren edo hizkuntzaren mende".
Hori horrela izanik, alderdiak "babesa eta elkartasuna" adierazi dizkie dendako langileei eta jabeei. "Denda horrek urteak daramatza Zarauzko egunerokotasunaren parte izaten, eta udalerriko bizitza ekonomiko eta sozialean laguntzen du, tokiko beste edozein negozio bezala", gehitu du alderdiak.
Era berean, PSE-EEk esan du arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako borroka ez dela gai instituzionala bakarrik: "Hezkuntzakoa eta soziala ere bada". Errespetua, enpatia eta bizikidetza "umetatik" ikasten direla iritzi dio taldeak, eta esan du horrek "guztien inplikazioa" eskatzen duela: hau da, familiena, ikastetxeena, erakundeena eta herritar ororena.
Illarramendik garbi esan du: "Ezin dugu beste aldera begiratu, eta ezin ditugu jarrera horiek justifikatu umekeria soil gisa. Arrazakeria eta errespetu falta, nahiz eta adingabeenak izan, gizarte osoak adierazi eta baztertu behar ditu ".
Horrenbestez, alderdi sozialistak ondorengoa azpimarratu nahi izan du: "Berdintasunean, errespetuan eta bizikidetzan oinarritutako Zarautzekin dugun konpromisoa berresten dugu, eta oinarrizko balio horien aurkako edozein jokabide baztertzeko deia egiten dugu".