37. Sabino Arana Sarien ekitaldia egin dute gaur Bilboko Arriaga antzokian, eta kirol arloan, Bera Bera Eskubaloiaren lana aitortu dute. Saria jasotzera joan diren ordezkarien artean, iaz erretiroa hartu zuen Alba Menendez kapitain ohi zarauztarra izan da, klubeko eskubaloi-saileko arduradun Tati Garmendiarekin eta Camen Arroyo jokalariarekin batera.
Bera Berako arduradunak adierazi du kluba askoz ere ezagunagoa dela gauzak egiteko duen moduagatik lortu dituen tituluengatik baino, eta, zentzu horretan, euren balioak azpimarratu ditu: talde lana, konpromiso kolektiboa eta aukera berdintasuna. Menendezek, bere aldetik, Bera Beran aritzea "bizitzako eskola" izan dela aitortu du: "Kirolaz haratago, ikasbidea izan da niretzat”.
Donostiako eskubaloi taldeaz gain, ondorengo hauek ere saritu dituzte aurtengo ekitaldian: Nazio Batuen UNRWA agentziari, Herrizaingo sailburu eta Eusko Legebiltzarreko presidente izandako Juan Mari Atutxa, Eduardo Anitua medikua, Enrike Zelaia musikari eta Etxeondo ehungintza enpresa. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkaritza instituzional, sozial eta kultural zabala izan da presente Arriagan –tratean, Imanol Pradales lehendakaria–, eta Sabino Arana Fundazioko egungo presidente Arantxa Tapiaren eskutik jaso dituzte golardoak saridunek.