41 mila pertsona baino gehiagok erabili dituzte Turismo Bulegoaren zerbitzuak 2025ean

Intza Trula 2026ko urtarrilaren 25a

Hiru pertsona, Zarauzko Turismo Bulegoan. (Zarauzko Udala)

31.926 pertsona joan ziren Zarauzko Turismo Bulegora, eta 9.270 lagun gerturatu ziren malekoiko informazio puntura ekainetik irailera bitartean. Gero eta zarauztar gehiago dira informazio bila joaten direnak.

Zarauzko Turismo Bulegoak 2025eko balorazioa egin du, eta jakitera eman duenez, 41 mila pertsona baino gehiagori eman zioten arreta iaz. Datu zehatzagoak ere eman ditu; izan ere, esan du kopuru oso horretatik 31.926 Turismo Bulegora joan zirela, eta beste 9.270 lagunek malekoiko informazio puntua erabili zutela ekainetik irailera bitartean.

Horrez, aparte, aitortu dute gero eta gehiago direla Turismo Bulegora gerturatzen diren zarauztarrak; hala nola, programazioen, garraio publikoaren edota informazio orokorraren inguruko zalantzak argitzera joaten dira.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak dira erabiltzaile gehienak, eta haien atzetik daude Kataluniakoak eta Madrilgoak, hurrenez hurren. Bestalde, Gaztela eta Leongo bisitari kopurua igo egin da, baita Nafarroakoa ere. Aragoiko bisitari kopuruak, aldiz, behera egin du. "Atzerritarrei dagokienez, turisten ia %40 frantsesak izan dira, iazko zifra pixka bat igoz. Bestalde, Alemaniako, Herbeheretako eta Erresuma Batuko merkatuak garrantzitsuak izaten jarraitzen dute", gehitu du Turismo Bulegoak.

Hizkuntza

Hizkuntzari dagokionez, Turismo Bulegoak dio gaztelania eta euskara direla bertan gehien erabiltzen diren hizkuntzak, "bulegora datorren jende gehiena zarauztarrak eta Euskal Autonomia Erkidegotik eguna pasatzera datozen txangozaleak izanik".

Jendeari arreta eskaintzeaz gainera, Zarauzko Udaleko Turismo departamentuak ekintza eta egitasmo ugari antolatzen ditu urtean zehar herritar zein turistentzat. Hitzordu horien artean daude, esaterako, herri kirolak, erromeriak, estropadak edo artzain-txakur txapelketa. Era berean, familia turismoari ere garrantzia ematen dio Turismo departamentuak: "Jasangarritasuna eta elkarbizitza errazten ditu, jasotzen den turistaren profila lasaia eta fidela izanik".

Hori gutxi balitz, gastronomiaz ere arduratzen da: "Gure nortasunaren alderdi garrantzitsu bat bezala lantzen du Turismo departamentuak, garaiko sukaldaritzaren, tradizioaren eta bertako produktuen sustapena eginez". Honetarako, urtean zehar hainbat ekitaldi antolatu, kudeatu eta sustatzen ditu departamentuak, Sagardo eta Txakolin egunak edo Kosta Gastronomika bezalako ekitaldiak, kasurako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide