Maila goreneko kirolariekin batera abiatuko dute denboraldia Eulen-Amenabar emakumezkoen txirrindulari taldeak. Mallorcako Challengea jokatuko dute bihar hasita, eta, guztira, hiru proba izango ditu txapelketak. Hamazazpi talde ariko dira lehian, eta horietako batzuk World Tour mailakoak izango dira; hau da, goi mailako txirrindulari taldeak.
Mallorcako Challengak hiru proba barne hartzen ditu. Lehen proba, biharkoa, Trofeu Marratxi izango da, 120 kilometrotako ibilbidearekin eta Puig de Sant Salvador mendatean amaiera izango duena. Igandean jokatuko dute bigarren proba: Trofeu Llucmajor. Egun honetan zirkuitu bati lau bira emango dizkiote txirrindulariek, 133 kilometro osatzeko. Azken egunean, proba neketsu bat izango dute txirrindulariek, Trofeu Binissalemen. 108 kilometro osatu beharko dituzte, eta amaiera Port d’Andratx portuko malda pikoan izango da.
Eulen-Amenabar taldearen ordezkaritza asteburu honetan zazpi txirrindularik osatuko dute: Ane Berastegik, Intza del Tesok, Aroa Gorostizak, Laida Hierrok , Naya Mangasek, Claudia San Justok eta Maite Urteagak, hain zuzen.