Malen Monasteriok eta Akram Maghfourrek jasoko dituzte kirolari onenen sariak

Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 23a

2025eko Kirol Sarien gala. (Intza Trula)

Nik Tri Triatloi taldea eta ZKE futboleko senior taldea izendatu dituzte talde onenak. Era berean, Jose Maria Olazabal Paxo, Cristobal Rochas, Esteban Collantes zena eta Itxas-Lur taberna aitortuko dituzte. Kirol Sarien ekitaldia asteazkenean izango da, Modelon.

Kirol eskaintza zabala duen herria da Zarautz, eta asko dira taldean zein bakarka lehiatzen diren herritarrak. Lehiatu eta lorpen inportateak lortzen dituztenak denboraldian zehar, maila pertsonalean ez ezik, ordezkatzen duten klubentzat ere. Zarauzko Udalak, ohi bezala, urtean zehar nabarmendu diren kirolari eta kirol taldeak aitortu nahi izaten ditu, eta 2025ekoak datorren asteazkenean omenduko ditu Modelo aretoan ospatuko den Kirol Sarien ekitaldian, 19:00etik aurrera.

Norbanakoen atalean, emakumezko kirolari onenaren saria Malen Monasteriori egokitu diote. Halterofilo gazteak Espainiako junior mailako errekorra ezartzeaz gain, Albanian jokatutako Europako Junior Txapelketan zilarrezko eta brontzezko dominak lortu zituen. Gizonezko kirolari onenaren saria, berriz, Akram Maghfour Yaakoubi borrokalari olinpikoari emango diote;  17 urte azpiko Espainiako Txapelketan hirugarren izan zen, eta Espainiako selekzioarekin ere lehiatzen aritu da.

Kirol talde onena Nik Tri Triatloi taldea izendatu dute emakumezkoetan, eta ZKE futboleko senior taldea, gizonezkoetan. Emakumezkoen gehiengoa daukan triatloi taldea da Nik Tri, eta hori aintzat hartu dute. ZKEren senior futbol taldeak sekulako denboraldia osatu zuen iaz, eta 3. mailarako igoera eskuratu zuen.

Entrenatzaile onenaren saria Jose Maria Olazabal Paxo-k jasoko du, urte askoan emakumeen pala sustatzen egindako lan eskergagatik. Bizitza osoa kirol arloan aritutako jendeari ematen zaion Kirola Bizi saria Cristobal Rochasentzat izango da; izan ere, 30 urte inguru doa Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia antolatzen. Sari berezia, berriz, Esteban Collantes zenarentzat izango da; iaz hil zen 16 urtez Zarautz Kirol Elkarteko presidente izan ostean. Kirol babesletzaren aitortza, azkenik, Itxas-Lur tabernari emango diote, 20 urte baina gehiago daramatzalako herriko kirol taldeak eta ekitaldiak babesten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide