Iñigo Azpitarte: "Euskaraz halako antzerki testual batek funtzionatzea da ideia"

Mireia Galarza Bastida 2026ko urtarrilaren 23a

Azpitarte, eskuinetik hasita lehena, antzezlaneko momentu batean. (Gorka Bravo)

Duela bi aste estreinatu zuen Desobedienteak 18/98 antzezlana Ttanttaka Teatroak, eta aktoreen artean dago Iñigo Azpitarte (Zarautz, 1984). Gaur Modelo aretoan izango dira.

18/98 auzia Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Euskal Herriko hainbat talde eta hedabideren aurka bideratutako eginbide judizialen sorta izan zen, "dena da ETA argudiopean". Duela 28 urte irekitako izapide horiek dozenaka pertsona eraman zituzten epailearen aurrera, eta orain, Ttanttaka Teatroak gertakari korapilatsu hori berreskuratu nahi izan du, desobedientzia zibilaren inguruko hausnarketa sustatzeko.

Antzezlanaren izenburua entzunda, duela urte batzuk izandako auzia etorriko zaio hainbati burura. Gertatutakoaren laburpen bat al da oholtzaratu duzuen istorioa?

Ainhoa pertsonaia auzi horren inguruko doktorego tesia ari da prestatzen, eta hori hizpide hartuta, historian zehar izandako desobedientzia zibileko momentuekin ibilbide bat osatzen dugu antzezlanean. Antzerki dokumentalera hurbiltzen den proposamena da, oso testuala. Gidoia bera irakurrita gertatutakoaren informazio asko eskura daiteke.

Proposamena iristerako, beraz, proiektuak bazuen forma.

Bai. Maria Goirizelaiak idatzitako testua da, Mireia Gabilondok Fernando Bernuesekin batera antzerkira moldatutakoa. Niri proposamena iritsi zitzaidanerako jada proiektuak forma bazuen, ez da inprobisaketarako tarte handirik izan.

Abiapuntua 98ko auzi bat da. Gaian murgiltzea tokatu al zaizu?

Gertatu zenean ni oso gaztetxoa nintzen, 13 bat urte izango nituen. Artean ez nuen burua horrelako gauzetan, baina entzundakoagatik ezagutzen nuen gertatutakoa.

Bost aktore igoko zarete oholtzara. Zein da zure istorioa?

Tesiaren bueltan egoera desberdinak irudikatzen ditugunez, bakoitzak pertsonaia bat baino gehiago gorpuzten ditugu. Dena dela, obran zehar pisu gehien duen momentua 18/98 auziaren epaiketa da, eta bertan, epaitua izan zen pertsonetako bat gorpuzten dut. Joxerra Zabaleta da bera, atxilotu zituzten taldeetako kideetako bat [egiazko izen-abizenak aldatu egin dituzte]. Horretaz gain, obrako musika guztia ere nik sortu dut. Orain arte musika proiektu pertsonal batean murgildu naiz, baina azkenaldian ikus-entzunezkoetan murgilduta nabil.

Aktore ezagunekin elkarbanatzen duzu oholtza. Nolako taldea osatu duzue?

Bai, bai. Klara Badiola, Kepa Errasti, Omar Somai, Aiora Enparantza eta ni ariko gara aktore lanetan. Gaztelaniazko bertsioan, Miren Arrietak ordezkatzen du Enparantza. Lan pila bat egin dute guztiek, eta ederra izan da oholtza beraiekin elkarbanatzea.

Zailtasun berezirik ba al du horrelako gai bat lantzeak?

Bai, batez ere badakizulako antzezten ari zaren pertsonaia horiek hezur-haragizko pertsonak direla, gure artean daudenak. Horietako batzuk, gainera, Bilboko estreinaldira joan ziren, eta horrek errespetua ematen du.

Diozunagatik, antzezlana ez da arin-arina. Horretaz jakitun izan behar al du ikusleak?

Nik pentsatzen dut proposamen guztiak direla balekoak, eta proposamen horietako bakoitzak duela ikusteko prest dagoen publiko bat. Proposamen honek informazio asko ematen du, eta, beraz, egia da exijentzia maila bat izan dezakeela, baina, hala ere, esango nuke edonork ikusteko moduan ari garela kontatzen istorioa. Hori da ideia, euskaraz horrelako antzezlan testual batek funtzionatu ahal izatea.

Bestelako publikoa ere izango zen Bilboko emanaldian. Nolako erantzuna jaso zenuten?

Estreinaldiak beti ekartzen du urduritasun puntu bat, ez dakizulako jendeak nola jasoko duen zuk aurkeztuko duzun proposamena. Dena dela, egia da Arriaga bezalako antzoki batean antzeztea opari bat dela aktore batentzat, estutzen zaituen zerbait izanda ere, oso polita delako.

Gaur etxeko plazan ariko zara, Modelon. Gainera, sarrera guztiak agortuta daude.

Plaza guztiek ematen dute errespetua, baina etxean antzeztea beti da zerbait berezia, noski. Sarreren kontuarekin ez naiz itsutzen, ez naiz gehiegi egoten begira, baina beti egoten da norbait esaten duena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide