Zarautzon elkartearentzat ekitaldiz betetako urtea izan da 2025a, eta aurtengoak ere bide bera jarrai dezan nahi dute bertako kideek. Jardun horri jarraipena emanez, herritarren artean zientzia, teknologia eta ekintzailetza sustatzea helburu duten hitzaldiak eta tailerrak antolatu dituzte datozen hilabeteetarako. Zehazki, astearte goizean elkarteko kideek egindako agerraldian azaldu zituzten hitzorduen xehetasunak, eta aurtengo berrikuntzarik nabarmenena ere aurkeztu zuten: webgune berria kaleratu du elkarteak, hain justu ere.
Elkarteko kideek argitu zuten modura, oraingoz, urtarriletik maiatzera bitartean bost ekitaldi dituzte adostuta eta itxita, "oso interesgarriak diren gaiekin". Hortik aurrerakoak, aldiz, baieztatzeko daude, eta, beraz, ahal bezain laster jakinaraziko dituzte.
Hori horrela, urteko lehenengo hitzaldia datorren asteartean izango da, hilaren 27an. Ignacio Lopez Goñi dibulgatzaileak mikrobiotaren inguruko saioa eskainiko du Modelo aretoan, 19:00etan hasita, doako sarrerarekin.
Nafarroako Unibertsitateko Mikrobiologiako katedraduna eta bertako Zientzia Museoko zuzendaria da Lopez. Sari ugari jaso ditu urteotan zientzia gizartera gerturatzeko egin duen lanagatik; bere lorpenen zerrendan dago, esaterako, Zientzia Komunikazioko CSIC-BBVA Fundazioa saria.
Webgune berria, kalean
Zarauztarrentzat zein inguruko herrietako lagunentzat hitzaldi sorta prestatzeko lanean jardun dute Zarautzoneko kideek, baina hori ez da beraien egiteko bakarra izan azken denboran: azken aldiz duela zortzi urte berritu zuten webgunea berritzeko lanean ibili dira, eta dagoeneko ikus daiteke emaitza, zarautzon.org helbidean.
Egitura eta diseinua aldatu dituzte, eta horrekin batera, beste berrikuntza bat ere jakinarazi dute: aurrerantzean, eskaintzen dituzten hitzaldi guztiak podcast modura emango dituzte webgunean bertan. Hala eta guztiz ere, bideo modura ikusi ahal izango dira Youtube plataforman, orain arte bezala.
Ildo beretik, Youtubeko hainbat datu ere ezagutarazi zituzten: kanala zabaldu zutenetik 75.500 bisita baino gehiago izan ditu elkarteak. Horietatik ikusienak Carlos Brionesen (25 mila ikustaldi) eta Arantxa Gonzalez Layaren (700 ikustaldi) hitzaldiak izan dira.
Azken urtearen balantzea, "positiboa"
Datozen ekitaldien berri emateaz gainera, pasa den urteko balorazioa ere egin zuten astearteko prentsaurrekoan. 2025a "jarduera ugariko urtea" izan dela aipatu zuten kideek, "bai laneko barne dinamikari dagokionez, baita kanpora begira egindako jardueren garapenari dagokionez ere". Guztira, 11 hitzordu antolatu zituzten iaz, eta ehunka lagun bertaratu ziren horiek bertatik bertara jarraitzera.
Halaber, 2026ko Batzar Nagusirako eguna jarri dutela ere kontatu zuten: martxoaren 10ean izango da, Cachi Bachi elkartean, eta bazkide guztiak gonbidatu dituzte.
Ondorengoa da maiatzera bitarteko egitaraua:
- Urtarrilak 27, 19:00etan. Mikrobiota eta osasun mentala. Hestea al da bigarren garuna? hitzaldia, Ignacio Lopez Goñirekin. Mikrobiologoa eta zientzia dibulgatzailea da bera, Biologian doktorea Nafarroako Unibertsitatean eta Zientzia Museoko zuzendaria.
- Otsailak 17, 19:00etan. OrgasMitos-La sexualidad está para disfrutarla no para cumplir hitzaldia, Laura Moranekin. Psikologoa, familiako eta bikoteko terapeuta, sexologoa eta zientzia dibulgatzailea da bera.
- Martxoak 17, 19:00etan. Eguzki eklipseak hitzaldia, Virginia Garcia Penarekin. Aranzadiko Astronomia departamenduko kidea da. Gainera, Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kidea ere bada, baita Astronomia Emakumeen Taldekoa ere.
- Apirilak 21, 19:00etan. Errio dokumentala eta solasaldia, proiektuaren egile eta zuzendari Ibon Gaztañazpirekin. Oria itsasadarreko ontzioletan eraikitako San Jose galeoiaren historia berreskuratzen du Errio dokumentalak. Xabier Agote Albaolako zuzendaria eta Xabier Alberdi Euskal Itsas Museoko zuzendaria ere bertan izango dira, solasaldian parte hartzeko.
- Maiatzak 19, 19:00etan. El secreto de la naturaleza dokumentala eta solasaldia, Pedro Miguel Etxenikerekin. Fisikan doktorea, DIPCren sortzailea eta EHUko Kultura Zientifikoko katedraduna da.