Estali begiak eta gozatu esperientziaz

Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 22a

'Galdedebalde'-ko Josu Gonzalez de Durana 'Tete', Julen Portillo eta Xabier Uzin. (Aritz Mutiozabal)

Azaroan jarri zuten martxan 'Galdedebalde' irratsaioko kideek Itxuan Kontzertuak formatu berritzailea Zarautzen. Ikusleek emanaldia hasten denean jakiten dute zein talde entzungo duten. Hurrengo saioa otsailaren 7an izango da.

Azkenaldian musika talde ezagunek beraien emanaldiak bi urteko aurrerapenarekin iragartzen dituztela eta, horren antitesi modura, eta zerbait ezberdina eskaintze aldera, Arraio irratiko Galdedebalde saioko hiru kideek Itxuan Kontzertuak egitasmoa sortu dute. "Jendea kontzertuetara joatea nahi dugu jakin gabe nork joko duen, eta beste proposamen batzuk deskubritzea. Izan ere, uste dugu galdu egin dela zuzenekoetara joateko ohitura, taldea edozein izanda ere", azaldu du Xabier Uzinek. Helburua garbia dela berretsi du Josu Gonzalez de Durana Tete-k: "Beraien kabuz etorriko ez liratekeen kontzertuetara etorrita, herritarrek musika taldeak ezagutu ditzaten nahi dugu".

Galizian eta Valentzian antzeko formatuetako kontzertuak antolatzen dituztela jakitun dira, baina Galdedebalde-ko lagunek inolako erreferentziarik gabe ekin zioten bideari. Eta arrakasta berehalakoa izan da, jendeak bikain erantzun du; lehen kontzertua Nogen taldeak eman zuen, azaroaren 15ean, Hiruputzu gaztetxean, eta bigarrena, abenduaren 20an, Skabidean taldeak. Edonola ere, hasieran kezkatuta ibili zirela aitortu dute antolatzaileek. "Lehen kontzertua baino astebete lehenago larri geunden; 30 sarrera soilik geneuzkan salduta", gogora ekarri du Julen Portillok. Azkenean, ordea, ehundik gora lagun animatu ziren, baina ezjakintasun hori "formatuaren parte" ere badela zehaztu dute.

Lehenengo kontzertuaren ondoren, bigarren emanaldirako jendea azkarrago animatu zen. Ikusmin ikaragarria sortu du egitasmoak, eta badirudi sarrera guztiak saldu behar dituztela ezinbestean saio bat antolatzen duten aldiro. Horretara mugatzerik nahi ez duten arren, otsailaren 7rako iragarri duten hurrengo Itxuan Kontzertuak arrakasta bera izango duela iruditzen zaio Teteri: "Jende asko sarrerak nola lor ditzakeen galdezka ari da". Hain zuzen ere, bihar jarriko dituzte salgai, 6 euroan, 310 dendan.

Misterioak du grazia

Azken unera arte oholtzara igoko den musika taldea zein izango den ez jakiteak dauka grazia. Misterio horrek, alegia. Aitzitik, informazio hori filtratzearen beldur ere baziren antolatzaileak, norbaiti taldearen izenak "ihes egin" eta sorpresa zazpuztearen beldur. "Oraingoz, ez da ezer zabaldu, eta gonbidatzen ditugun musika taldeak ere oso modu parte hartzailean aritu dira. Prestutasun osoa erakutsi dute. Adibidez, Nogenek Bulego idatzi zuen bere baterian, eta Bulegoren abesti bat joz igo zen oholtzara", azaldu dute Uzinek eta Tetek.

"Itxuan Kontzertuetara datozen taldeentzat ez da ohiko emanaldi bat. Azkenean jendea ez dator talde hori ikustera, eta, agian, bada beraientzat errepertorio berezi bat jotzeko abagunea. Beraz, jo eta su hasi behar duzu emanaldia eta jendea hasieratik harrapatu, zeren bertaratzen dena esperientzia bat bizitzera dator", kontatu du Portillok. Ikus-entzuleak begiak eta sakelako telefonoak estalita sartzen dituzte gaztetxera, eta kontzertua hasi arte ezin dituzte estalkiak kendu. "Beraz, barruak mugi ditzakeen zerbaitekin hastea gomendatzen diegu taldeei", dio Uzinek.

Estalkiaren ideia ere modu bitxian sortu zen. "Lehen kontzertua antolatu genuenean, Garoa liburu dendara eraman genituen sarrerak, eta bertako neskak galdetu zigun ea begiak estaltzekoak erabili behar genituen. Hark eman zigun ideia", azaldu du Portillok. Lehen aldirako, modu inprobisatuan, burkoen oihalak erabili zituzten publikoaren begiak estaltzeko. "Nik uste dut dena ikusten zela!", gaineratu du Portillok.

Denboraldi honetan hiru kontzertu egiteko asmoarekin ekin zioten egitasmoari, baina lehenengoa egin ondoren, "gora etorri" zirela diote Galdedebalde irratsaiokoek, eta, guztira, bost antolatzea erabaki dute. Nogen eta Skabidean taldeen emanaldien ondoren, otsailaren 7an izango da hirugarren saioa, eta ondorengo biak, berriz, apirilean eta ekainean. Aurrera begira ez dute oraindik ezer pentsatu. Momentuz, antolatu dituzten emanaldiekin gozatuko dute itsu-itsuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide