Zortzi upategik jarriko dute festarako aitzakia

Intza Trula 2026ko urtarrilaren 21a

Sagardogileak topa egiten, iazko Sagardo Egunean. (Julene Sorarrain)

Sagardo Eguna ospatuko du Zurekin elkarteak igande honetan. Euskalduna tabernako Felix Borda eta Marian Dulanto omenduko dituzte ekitaldian.

Sagardoaren bueltako festa ospatuko dute igande honetan Lege Zaharren Enparantzan, Zurekin Zarauzko ostalarien elkarteak antolatutako Sagardo Egunari esker. Urtero legez, hainbat upategik mahaia jarriko dute plazan, 12:00etatik 14:00etara bitartean, herritar orok beren produktua ezagutu eta dasta dezan.

Aurtengoan, zehazki, zortzi upategi izango dira hitzorduan parte hartuko dutenak: Aburuza (Aduna, Gipuzkoa), Altuna (Urnieta, Gipuzkoa), Ekain (Zestoa), Izeta (Aia), Lizeaga (Astigarraga), Petritegi (Astigarraga), Satxota (Aia), Urdaira (Usurbil). Edaria ez ezik, jateko aukera ere izango da, Euskal Parrillak txuleta pintxoak salduko baitituzte jaiak irauten duen bitartean.

Txartelaren prezioari dagokionez, pasa den urteko bera izango da; hau da, 12 euro ordainduta txuleta pintxoa eta kopa emango dira, sagardogile guztien produktua dastatu ahal izateko. Halaber, txuleta pintxoa soilik nahi dutenek, lau euro ordaindu beharko dituzte. Berrerabilpena sustatzeko asmoarekin, kopa itzultzen duenari 2 euro itzuliko dizkiotela jakinarazi du antolakuntzak.

Aitortza

Zurekin elkarteak egun hau baliatzen du urtero ostalaritzaren munduan buru-belarri lanean dabilen norbait omentzeko, eta aurten ez da gutxiagorako izango. Euskalduna tabernako Felix Bordari eta Marian Dulantori aitortza egingo diote, "sektorean egindako lan guztiagatik". Duela hilabete batzuk erretiroa hartu dute, urteko luzeko lanaren ostean.

Goiz parte osoa, gainera, musikak eta dantzak girotuta egongo da. Motxian-Etxebeltz bertso eskolako Amets Aizpurua eta Uxue Alkorta ariko dira bertsotan, Goizeko Ihintza txistulari taldea kalejiran ibiliko da, Jon Alkain dantzariarekin batera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide