Beste urte batez, Arkamurka natura taldeak Zarauzko eta Getariako hegazti urtarren errolda egin du. Taldeak emandako azalpenen arabera, urtarrileko hotzak iristean, hainbat ornitologo eta boluntario irteten dira hezeguneetara, hegazti horien inbentarioa egiteko asmoz. "Urtean behin egiten den zenbaketa sinkronizatua da, eta helburua da hezeguneetara negua igarotzera joaten diren hegaztiak zenbatzea, animali horien egoera ezagutu eta hezeguneen osasuna neurtzeko", diote. Besteak beste, ahateak, antzarak, kaioak, limikoloak, zikoinak, kuartzak eta kurriloak ikus daitezke eremu horietan.
Arkamurkako kideen arabera, Iberiar penintsulako datuak International Waterbird Census (IWC) programaren parte dira, eta horri esker, mundu mailako joerak alderatu eta interpretatu daitezke. Halaber, azterketa nola egiten den ere azaldu dute. Lehenik, hezeguneak aukeratzen dituzte lurraldeko lehentasunen arabera, eta horiek aukeratuta, zenbaketak egiten dituzte: "Denak asteburu berean egiten dira, hegaztien mugimenduek bikoizketarik sor ez dezaten", gehitu dute. Behaketa teknikei dagokionez, aditzera eman dute hainbat modu erabiltzen dituztela, besteak beste prismatikoak, oinez edo ibilgailuz egindako ibilbideak, hezegunea sektoreetan banatzea eta kasu batzuetan, aire argazki edo dronak.
Emaitzak, anitzak
Azterketak bukatuta, emaitzak autonomia erkidegoetako eta estatuko datu baseetan sartzen dituzte, aipatutako IWC programara igotzeko. Aurtengo azterketan hurrengo animaliak behatu dituzte. Getarian, 179 kaio hankahori, bi kaio beltz, hamahiru ubarroi handi, hamasei ubarroi mottodun, bi antxeta mokogorri eta Martin arrantzale bat. Zarautzen, bere aldetik, lau zertzeta arrunt, hiru Criollo ahate, 23 ur oilo, ubarroi handi bat, sei uroilanda, lertxun hauskara bat, 51 basa ahate, 47 kaio hankahori, kaio ilun bat, antxeta burubeltz bat, lau istigor arrunt eta etxeko antzar bat zenbatu dituzte Iritan eta Iñurritzan. Azterketa egiteaz arduratu dira Asier Aldalur, Haritz eta Aitziber Sarobe, Emilio Salvatierra, Pello Izkeaga, Imanol Lizartza eta Manu Sanchez.