Meza eta hamaiketakoa, San Sebastian eguna ospatzeko

Intza Trula 2026ko urtarrilaren 20a

Ostiraletik San Sebastian jaiak ospatzen ari dira Urteta auzoan. Atseden egun batzuren ondoren, datorren ostiralean helduko diete berriro ere jaiei.

Eguraldi bikainarekin esnatu dira gaur Urteta auzoan, eta aitzakiarik ez zaie falta izan San Sebastian egunaz gozatzeko. Meza nagusiarekin hasi dute goiza, eta amaitzean hamaiketakoarekin sabela betetzeko aukera izan dute auzo elkartean.

Egunak daramatzate sansebastianetan murgilduta auzoan, baina oraindik ere geratzen zaizkie festa egunak. Izan ere, asteburu honetan, ostiraletik igandera, ekintza sorta dute prestatuta.

Urtarrilak 23, ostirala

  • 21:00. Bertso afaria auzo elkartean Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso bertsolariekin, Zabale eta Erkizik jotako doinuekin alaituta
  • Jarraian, erromeria izango da bertan goizeko ordu txikiak arte. 

Urtarrilak 24, larunbata

  • 16:30. Urtetako I. Buruz Buruzko Pala Txapelketako finala eta 3. eta 4. postuen partidak. 
  • 23:00. Erromeria auzo elkartean Laja eta Lutxurdioren eskutik.
  • Jarraian, DJ Indate goizeko ordu txikiak arte. 

Urtarrilak 25, igandea

  • Eguerdian, neska-mutil ardoko kideek omenaldi bazkaria eskainiko diete auzoko adinekoei. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide