Ezohiko osoko bilkura egin zuten atzo arratsaldean, eta gai bakarra izan zuten aztergai: udalaren lurzoru ondarea osatzen duten Amillubi eremuko lehehengo eta hirugarren partzelak prozedura irekiaren bidez besterentzeko lehiaketaren esleipen erabakia kautelaz eteteko eskariaren ebazpena. Amenabarrek egin zuen eskaera, baina ebazpenak ezezkoa eman dio. EAJko eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoekin onartu zuten erabakia; EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen.
Azaroaren 27ko plenoan gelditu ziren esleituta eremu horiek besterendu eta bertan autobus geltoki berria, lurpeko aparkaleku publikoa eta etxebizitza pribatuak nahiz babestuak –20 etxebizitza tasatu eta 45 libre– egitea barnebiltzen duen proiektuaren lanak. Hain justu ere, obrak Viuda de Sainz S.L., Urbelan S.A.U. eta Promociones Leku Eder S.A. enpresek osatutako ABEEari esleitzea erabaki zuen Zarauzko Udaleko Kontratazio Mahaiak, bi proposamen aurkeztu ondoren; beste aukera Amenabar S.L. enpresarena izan zen.
Amenabarrek erabaki hori berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen, kautelazko hainbat neurri hartzeko eskaera eginez. Horrekin batera, esleipen prozedura etetea eskatu zuen, eta prebentziozko idatzoharra ezartzea. EAJko bozeramaile Garbiñe Oiarbidek argi utzi zuen ez dutela zalantzan jarriko udal teknikariek egindako lana eta Kontratazio Mahaiak egindako proposamena. "Eteteari ezezkoa emateko arrazoiak ez dira udal talde bezala pentsatzen duguna, baizik eta teknikariek txostenetan jasotakoan oinarrituta daude. Jakina, Kontratazio Mahaian teknikarien irizpideak babestu genituen bezala, gaurkoan ere horiek babestuko ditugu", adierazi zuen Oiarbidek.
Ekintza administratiboak betearazteko direla zehaztu zuen bozeramaileak, eta horiek eteteko kasu tasatuak egon behar dute, non errekurtsoa jarri duenak ez dituen "egitaztatu" txostenean. "Balizko etete kasu batek aztatua izan behar du eta errekurtso jartzaileak ez dute aztertu interes publikoan sor dezakeen eragina. Izan ere, etxebizitzak eraikitzera goaz Amillubin, eta autobus geltokia eta aparkalekuak behar-beharrezkoak dira Zarautzen". Kaltea herriari ez ezik, bailarari ere egingo liokeela nabarmendu zuen Oiarbidek.
"Enpresen arteko eztabaida"
EH Bilduko kide Garazi Olaizolak gogora ekarri zuen proiektuaren oinarriarekin ez duela partekatzen koalizioak: "Hasieratik esan dugu Amillubiko lurrak publikoak direla, herritarren lurak direla, eta bertan etxebizitza publikoak egin behar direla. Horren ordez, gobernu taldeak besterentzea onartu zuen, eta gu ez gaude ados horrekin". EH Bilduk bere ikustuarekin irmo jarraitzen duela zehaztu zuen, eta "enpresen arteko eztabaidetan" ez direla sartuko.
PSE-EEko bozeeramaile Inaxio Illarramendik txanponaren beste aldea ekarri nahi izan zuen mahai gainera, EH Bilduri erantzunez. "Enpresa bati eman zaizkiola herriko lurrak adierazi da, baina ez da aipatu bertan egingo diren etxebizitza tasatuak, proiektu honen barruan Iritan egingo diren 250 etxebizitza publikoak, autobus geltoki publikoa edo herriko beste hainbat instalazio finantzatzeko izango dugun diru iturria", egin zuen azpimarra.