Hirugarren urtez Northfit Zarautz txapelketa jokatzen ari dira. Atzo goizetik iluntzera aritu ziren Aritzbatalde kiroldegian, eta gaur goiz partean jarraituko dute, 14:30 aldera izango baita sari banaketa. 600 kirolarik eman dute izena, eta atzo ikuslez goraino bete zen kiroldegiko pilotalekua. Argi gelditu da crosfita praktikatzen duten pertsonentzat nahiz zaleentzat urteroko ezinbesteko hitzordu bilakatzen ari dela.
Atleta gehienak euskal herritarrak dira, baina Espainiako hainbat tokitako kirolariak ere ari dira parte hartzen. Hiru kategoriatan banatuta ari dira, Rx, Scaled eta Intermediate. Talde bakoitza hiru lagunek osatzen dute, eta aparte ari dira lehiatzen emakumeak eta gizonak. Partaideen %45 emakumeak dira.
Hala, bi lehia eremu izango dituzte atletek asteburuan: igerilekua eta pilotalekua. Larunbatean igerilekuan hasiko dute txapelketa, 08:00etatik 12:00etara bitartean, eta pilotalekuan jarraituko dute. Igandean, berriz, pilotalekuan izango da jardunaldi osoa, 08:00etatik 14:00etara.
Balorazio positiboa
Atzo arratsaldean ikusleen artean zen Inaxio Illarramendiren Kirol zinegotzia, eta "balorazio oso positiboa" egin zuen txapelketak aurten ere izan duen arrakastaz. Herrira 1.000 pertsona inguru erakarri dituela esan zuen, eta herriko ostalariak gustura daudela, "urtarrileko asteburu triste bat urteko onenetakoa bilakatu delako" beren jardunerako.
Hirugarren urtea denez, "aurreko urteetako akatsetatik ikasi" ahal izan dutela gaineratu zuen, eta hori nabari dela antolaketa mailan eta herriko beste kirol jarduerekiko koordinazioan.