Martxelo Otamendi eta Imanol Murua Uria hizketan entzuteko hiru dozena lagun elkartu zen atzo iluntzean Pagoeta mendizale elkarteak Santa Marina kalean duen egoitzan. Garbiñe Ubeda kazetariak Otamendiren biografia bildu du Martxelo Otamendi, Handira jotzeko kazetaritza liburuan, eta huraxe aurkeztu zuten atzokoan, Zirika euskara elkartearen eta Zarauzko Udalaren ekimenez antolatutako saioan.
Muruak eta Otamendik elkar ezin hobeto ezagutzen dute, hainbat urtez lankide izan baitziren Euskaldunon Egunkaria eta Berria egunkarietan, aurrenekoa kazetari eta bigarrena zuzendari, eta atzo hasieratik agerian gelditu zen harreman estu hori. Umorez ekin zion Muruak, entzuleak ohartaraziz hitzaldian zer traba aurkituko zituzten: "Erraz eta gustura irakurri dut liburua, eta gehiagoren gogoz gelditu naiz. Martxelori gaurko hitzaldiaren gidoia bidali nionean, esan zidan oso ondo zegoela, baina hiru hitzaldi beharko genituzkeela galdera haiek guztiak erantzuteko. Nik esan nion labur erantzuteko, hortaz, eta hark erantzun zidan ezinezkoa zela hori. Hortik abiatzen gara: galdera asko, eta labur erantzuteko ezintasuna".
Eta bakoitza berean tematu zen; Otamendik berretsi zuen ezin zituela galdera horiek labur erantzun, baina berak ere umoretik jarraitu zuen: "Bentaja bat daukagu, ez dakidala poliki hitz egiten". Entzuleek gogotik egin zuten barre, Otamendiren ezaugarrietako bat baita azkar-azkar hitz egitea irratiko tertulietan eta.

Liburuak bost kapitulu ditu, eta modu kronologikoan kontatzen ditu Otamendiren bizitzako garai ezberdinak; atzokoan, kronologia hori errespetatu zuen Muruak, eta hala, haurtzaroaz eta nerabezaroaz aritu ziren aurrena, euskaltegian eta telebistan egindako lanaz gero, eta Euskaldunon Egunkaria-n eta Berria-n zuzendari modura egindako ibilbideaz azkenik. Azken zati horretan, nola ez, hitz egin zuten Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi, Otamendi eta beste bederatzi lagu atxilotu eta horiek torturatu zituzten garaiaz ere.
Pasadizo askoko hitzaldia
Liburuak Otamendiren bizitzako pasadizo asko jasotzen ditu, eta hitzaldian ere horiek hartu zuten protagonismoa. Azaldu zuen nola aitak ez zien paga ematen berari eta bere anai-arrebei horiek gaztelaniaz hitz egiten entzuten bazituen, eta nola hartu zuen kontzientzia euskaltzalea ikaskide batek behin kargu hartu zienean lagunartean gaztelaniaz aritzeagatik.
Aurreneko kazetaritza lana 17 urterekin egin zuela ere azaldu zuen, eta Xabier Lete bakarlariari egin ziola elkarrizketa hori, euskaraz, haren Urnietako (Gipuzkoa) etxean.
Kazetaritzara "errebotez" sartu zela esan zuen, bera euskaltegian hasi baitzen lanean. Hedabideetan kolaborazioak eginez hasi zela kontatu zuen, eta horietatik jasotzen zuen diruarekin Londresera joaten zela antzerkia ikustera. "Jack Lemmon [aktore ezaguna] ikusten nuen han", oroitu zuen.
1990ean jaio zen Euskaldunon Egunkaria, euskarazko aurreneko egunkari nazionala, eta Otamendik kontatu zuen uda hartan egunkariaren aldeko jai bat antolatu zuela Estatu Batuetako New York hirian, Central Park-en, eta entzuleak barrez jarri zituen, festa hartako xehetasunak kontatuz.
Dena dela, ETBn egiten zuen lan garai hartan: programak zuzentzen, gidoiak idazten, saioak aurkezten... askotariko lanak egin zituen telebista publikoan.
Luxutik prekarietatera
Otamendik 1993an hartu zuen euskarazko egunkariko zuzendari kargua. Kontatu zuen bazkari batean proposatu ziotela lana, eta berak pentsatzeko hamar egun eskatu zituen arren, bigarrenean baiezkoa eman zuela: "Bi urterako konpromisoa hartu nuen, asko mugitzekoa bainintzen orduan. Bi urterako hartu, eta 30 egin nituen", azpimarratu zuen.
Aurreneko urtea ikasten pasatu zuela azaldu zuen, "kazetaritzaren hainbat oinarri" ez zekizkielako. Urte hura "nahiko isilik" igaro zuela kontatu zuen, baina Muruak zuzenketa egin zion aldamenetik: "Isilik ez, galdera asko egiten zenituen".
Muruak galdetu zion ea nolatan onartu zuen proposamena: "Luxuzko lantoki batetik lantoki prekariora joan zinen, lagun artetik ezezagunen artera...". Otamendik, baina, ez zion erantzun argirik eman. Onartu zuen "oparotasunetik" zetorrela, eta telebistan irabazten zuenaren erdia irabazten zuela egunkarian, baina gaineratu zuen "beti" oso lantalde jatorra eduki izan duela.
Konplexurik gabe
Hitzaldian asko nabarmendu zuen liburuko tituluak jasotzen duen ideia, hau da, "handira jotzeko kazetaritza" egin nahi zuela berak, eta horretan jarri zituela indarrak. "Kazetari onak ala txarrak izango gara, baina ez gara onak ala txarrak izango hizkuntzagatik", azpimarratu zuen. "Nahi nuen gure kazetariek sentizea lehenengo mailan zebiltzala, eta irakurleei ere poz hori eman nahi nien: gu irakurtzeagatik ordaintzen zuten, eta trukean, eduki landua eman nahi nien". Erredakziotik nazioartera ateraz eskaini nahi zuen hori Otamendik. Horregatik, 1996tik ospatu dituzten Olinpiar Joko guztietara bidali izan ditu kazetariak, baita nazioarteko gertakari inportanteenetara ere: Quebec-eko erreferendumera, arabiar udaberria deituriko protestetara El Cairora, eta Kosovoko gerrara, besteak beste.
1990eko hamarkada politikoki oso gogorra izan zen Hego Euskal Herrian, eta kazetarientzat ere ez zen samurra giro hartan lan egitea. Horri buruz hausnartu zuen atzo Otamendik. Batetik, esan zuen berak ez zuela presiorik sentitu etxe barruan, hedabideko kontseilari ordezkariek inoiz ez ziotela esan zer egin edo ez zuen egin behar, eta hori pribilegioa dela iradoki zuen.
Eta autokritika egiteko aprobetxatu zuen gaia. Izan ere, aitortu zuen "zuzendari arduretan edukitako defizitetako bat" izan dela ETAren biktimekiko "jokaera humanoagoa" eduki ez izana. Hori bai, kontatu zuen gai horri buruz erreportaje bat egin zutela Espainiako komunikabide batean, hainbat hedabidetako zuzendariei iritzia eskatuta, eta esan zuen bera izan zela gabezia onartu zuen bakarra. "Estatuaren biktimekiko defizita zuten beste zuzendariek, baina inork ez zuen onartu halakorik".
Itxiera eta torturak
Muruak hitzaldiaren amaierarako utzi zuen entzule askori oilo ipurdia eragin zien gaia: Guardia Zibilak Euskaldunon Egunkaria itxi zuen unea, atxiloketa, torturak eta kartzela zigor eskaria. "Hainbeste urteren ondoren, nola daramazu arantza?", galdetu zion. Otamendik itzulinguru dezente eman ondoren erantzun zion, eta nabarmendu zuen asko lagundu ziola berak jasandako torturez hasieratik hainbeste aldiz hainbeste pertsona eta komunikabiderekin hitz egin izanak. Bere terapia hura izan zela.
Gogoratu zuen mundu osoko komunikabideek elkarrizketatu zutela, batez ere Time aldizkariak erreportajea egin ondoren, ezin zutelako sinetsi nola zen posible halakorik gertatzea 2003. urtean Europako Batasuneko estatu batean.
Torturapean jasan zituen itaunketei buruz, esan zuen ez dagoela gauza zailagorik ez dakizun gauza bati buruz gezurra asmatu eta guardia zibilak konbentzitzea baino.
Muruak koadernoan utzi behar izan zituen beste hamaika galdera denborak di-da egin zuelako aurrera eta txanda herritarrei pasatu nahi izan zielako. Horien pare bat galderari erantzun, eta hitzaldiari bukaera ezin bitxiagoa eman zion Otamendik, behinola hegazkin bat pilotatu zuenekoa azaldu baitzuen xehetasunez josita. Entzuleen irribarreak eta txalo zaparrada jaso zituen bueltan, eta bati baino gehiagori sinatu behar izan zien, gero, Martxelo Otamendi, handira jotzeko kazetaritza biografia liburua.