Gutuna

'Balckface'-a Zarauzko kabalkadan

Morroxkak Zarauzko Gazte Feministak 2026ko urtarrilaren 18a

Baltasar, aurtengo Errege Magoen kabalkadan. (Aritz Mutiozabal)

Morroxkak Zarauzko Gazte Feministak taldeak ondorengo gutuna helarazi dio Zarautz Gukari. Pasa den urtarrilaren 5eko Errege Magoen kabalkadako blackface-a salatzen du.

Urtero bezala, hiru Errege Magoak Zarauzko kaleetan zehar ibili ziren hilaren bostean, herriko txikienen ilusioa piztu asmoz. Gozokiak, musika eta jende-uholdea izan zituzten lagun erregeek. Esan daiteke, aurreko kabalkadekin alderatuz, aurtengoan ez zela ezer berezirik izan. Betikoa betikotzea, ordea, zapaltzailea izan daiteke.

Baltasarren blackface-ari buruz ari gara. Pertsona zuri batek aurpegia beltzez margotzeari esaten zaio blackface, eta arrazakeria da. Blackface-a munduko leku askotara hedatua dagoen eta ibilbide luzea duen praktika arrazista da, ez tradizio xalo bat. 1830eko hamarkadan sortu zela uste da; orduan, zuriak entretenitzeko emanaldietan aktoreak aurpegiak beltzez margotzen hasi ziren, esklaboei iseka egiteko.

Mugimendu antiarrazistak behin eta berriz egindako interpelazioei esker, badakigu blackface-ak estereotipo kolonialak elikatu, pertsona beltzak deshumanizatu eta iseka edo karikatura normalizatzen dituela. Hala ere, Zarautzen urteetan zehar egin izan da, eta, antza, 2026an oraindik ere mantentzen da. Kuestionatu gabe errepikatzea larria dela uste dugu.

Sistema kolonialean zuritasunak pribilegioak dakarzkigu, eta pertsona arrazializatuak zuriekiko menderakuntza-egoeran kokatzen dira. Munduaren antolamendu inperialistan Europar izate hutsagatik ditugun pribilegioetatik edaten dugu zarauztarrok ere. Era berean, zurioi botere materiala ematen digu egiturazko zuritasunak, eta horrek arrazializatutako herritarrekiko gailentzen gaitu eguneroko praktiketan. Herrian bertan bizitzeko erraztasun handiagoa daukagu, zuri izateagatik lana eta etxebizitza aiseago eta baldintza hobeetan lor ditzakegu, ez gaitu indarkeria polizialak jopuntuan jartzen, ez dugu segregaziorik jasaten eta sarbide naturalizatua dugu herriko dinamika sozialetan, kuadrilletan eta kalean. Horren guztiaren jakitun izanda, ez zaigu zilegi iruditzen Baltasarren blackface-a ohitura hutsez egiten den praktika anekdotikoa dela esatea.

Blackface-aren bidez egiturazko zapalkuntza materialak eragiten ditugunok haiek jasaten dituztenen lekua hartzen dugu, leku horretan egotearen ondoriorik pairatu gabe, zapalkuntza horrekin amaitzeko pausorik eman gabe eta gure posizio pribilegiatua berretsiz. Halako praktikak normalizatzeak, berriz, estereotipo arrazistak betikotzen ditu.

Bestalde, herri modura ere zer pentsatua ematen digu hau urtez urte gertatzeak. Ez badugu Baltasarren papera egin dezakeen inor ezagutzen, nola eraikitzen ditugu gure bizimoduak zarauztar zuriok? Zein segregazio praktika eta politika daude horren jatorrian? Nor baztertzen dugu lagun-taldeetatik, kuadrilletatik, ikastetxeetatik? Nor hartzen dugu herrian beso-zabalik? Nor ez?

Inklusioaren eta aniztasunaren izenean, pertsona arrazializatuen presentzia ez litzateke margoarekin antzeztu behar, benetako errepresentazioaren bidez gauzatu baizik. Horretarako, guztion ardura da gure harreman eta sare esklusiboki zuriak zalantzan jartzea.

Feministok argi daukagu gure borroka, nahitaez, intersekzionala izan behar dela. Patriarkatua, kapitalismoa eta zisheteroaraua eraisteko bidean kolonialismoa ere ezabatu beharra dagoela. Hargatik, gehiengoa zuria den mugimendua izanda ere, halako gertaeren aurrean isilik geratzeak konplize egiten gaitu. Gure ardura da geure mugimenduetan zein inguruan gertatzen diren praktika arrazista eta kolonialak identifikatu, seinalatu eta eraisteko lan egitea. Horregatik, kabalgataren antolakuntzan parte hartzen duten norbanako, talde eta instituzioei eta zarauztar guztiei dei egiten diegu erruduntasun zuria albo batera utzi eta dagokien erantzukizuna har dezaten. Eta, bide batez, hilabeteren buruan ospatuko ditugun inauterietan ere gure herrian halakorik ez egitea guztion ardura dela azpimarratu nahi dugu

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide