"Mailari eustea da helburua, eta horri begira gaude"

Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 16a

Ulacia Zarautz eta Pielagos taldeen arteko partida, Aritzbatalden. (Jorge Bozal)

Inoizko liga parekatuena izaten ari da Hirugarren FEB mailakoa. Denboraldiko lehen itzulia osatu berritan, Ulacia Zarautz saskibaloi taldea zortzigarren postua dago.

Garaipen garrantziatsuarekin itxi zuen denboraldiko lehen itzulia Ulacia Zarautzek aurreko asteburuan, Pielagos taldea 89-83ko emaitzarekin mendean hartuta. Gabonen aurreko bi jardunaldiak galdu egin zituen gizonezkoen saskibaloiko lehen taldeak, eta urteko lehen partida "giltzarri" izan dela nabarmendu du Beñat Jauregi entrenatzaileak azken postuetatik aldentzeko eta arnasa hartzeko.

Une honetan, Hirugarren FEB mailako zortzigarren postuan daude sailkapenean, 19 punturekin, sei partida irabazita eta zazpi galduta, baina haien egoera bertsuan hainbat talde aurkitzen dira. Partida batzuk jarraian irabaziz gero, goiko postuetan kokatzeko aukera ere izango luke taldeak; play-off-a lehen lau sailkatuek jokatuko lukete. "Gabonetan zazpigarren postutik hamahirugarrenera guztiok berdinduta iritsi ginen. Bizpahiru norgehiagoka jarraian irabaziz gero, goiko postuei begira jartzeko aukera dago, eta, aitzitik, galduz gero, zuloan sartzeko arriskua. Liga hau jada oso parekatua bada, aurten inoiz baino parekatuago dago. Edozein garaipen eta bolada erabakigarria izango da bukaerako emaitzarako, zalantzarik gabe".

Orain arte igoera fasea lehen bi sailkatuek jokatzen zuten, eta aurten lehenengo lauek izango dute aukera. Hala ere, Jauregik argi azaldu du Ulacia Zarautzen xedea hori baino xumeagoa dela: "Mailari eustea da geure helburua, urtero bezala, eta horri begira gaude". Gauzak argi izanda ere, ezin dutela lo hartu eta partidaz partida joango direla aurrera gaineratu du. "Izan ere, garaipen batek perspektiba alda diezazuke, baita porrot batek ere, hain berdinduta dagoen liga batean".

"Erronka berria"

Jauregik estreinako denboraldia du Ulacia Zarautz taldeko entrenatzaile karguan, eta "erronka berria" izaten ari dela aitortu du, urte luzez Zarauzko Saskibaloi Taldeko emakumezkoen taldeko prestatzaile aritu ondoren. Ekitaldi hasieran, Eneko Martinezek, Alvaro Bozalek eta Imanol Artetxek denboraldiaurrea Gipuzkoa Basketekin egin zuten, eta Jauregik ere haiekin egoteko aukera izan zuen. Esperientzia hura, aldaketa prozesu horretan, "lagungarri" izan zitzaiola aitortu du. Taldeko jokalari asko lehendik ere ezagutzen zituen, taldekide izan zituelako bere garaian, eta, ohikoa den bezala, hasieran egokitzapen bat egin behar izan bazuten ere, jardunaldiak aurrera egin ahala ongi moldatzen ari dira.

Bigarren itzulia hobeto joango dela baieztatzea konplexua dela dio entrenatzaileak: "Ez diot guregatik, baizik eta liga dagoen bezala ikusita, edozeinek irabaz edo gal dezake edozeinen aurka. Oso berdinduta dago dena, eta batek daki zer gerta daitekeen. Lehen itzulia sei garaipenekin eta zazpi porrotekin bukatu dugu, baina beste emaitza batzuk ere izan genitzakeen. Beraz, aurreikuspenak egitea oso zaila da". Edonola ere, taldearen jokoak gorakada izan duela uste du, eta dinamika ona hartua zuela Gabonetako porrotak iritsi aurretik. "Aukerak baditugu lehen itzulia baino hobea egiteko bigarrena".

Asteburu honetan, azken postuan sailkatuta dagoen Grupo Inmapa Filipenses taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Ulacia Zarautzek; bihar izango du partida Palentziako (Espainia) kiroldegian, 19:00etatik aurrera. Aurkariak oraindik ez du partidarik irabazi, baina datu hori "engainagarria" izan daitekeela dio Jauregik, azken jardunaldietan bukaerara arte borroka egiten ari direlako eta alde txikiarekin galdu dituztelako neurketak. "Iruditzen zait taldeak aurki lehen garaipena lortuko duela. Espero dugu geure aurka ez izatea", nabarmendu du.

Biharko jardunaldiaren ostean, sailkapeneko lehen bi taldeen aurka jokatu beharko du –Baskonia eta Teknikei Bizkaia Zornotza, hurrenez hurren– Ulacia Zarautzek datozen bi asteetan. "Beraz, bihar ezinbestean irabazi behar dugu, ondoren datozen partidak askoz ere zailagoak izango direlako".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide