Jules Massenet konpositorearen Werther operaz gehiago jakiteko aukera izango da etzi, astelehenez, Antoniano aretoan. Izan ere, Carlos Imaz musikari eta konpositoreak lanari buruz jardungo du bertan, 11:00etatik aurrera.
Vienako Estatu Operan estreinatu zuten Werther, 1892ko otsailean. Hiru pertsonen arteko maitasun istorio tragiko bat du oinarrian: Werther poeta, Charlotte gaztea, eta harekin ezkontzekoa den Albert ditu protagonista. Ezinezko maitasunak sortutako arrangurak bere buruaz beste egitera eramango du poeta.
Ekitaldi hau ABAO Bilboko Operaren eta Kostan elkartearen arteko ekimenez antolatu dute, eta aurtengo Euskalduna Jauregiko operaren programazioan barruan dago.