Zer demontre sartu zaizu begian?
Algoritmo bat sartu zait begian, galdera existentzial deseroso bat, emotikonoak, gauza asko... Egonezin batetik sortu da Zerbait sartu zait begian, eta egonezin hori da gaur egungo garaiak bizitzen asmatzea, azken finean. Bagara nor, baina garai aldakor hauetan nortasuna eta identitatea eraikitzea gehiago kostatzen zaigula iruditzen zait. Lehen askoz ere errazagoa zen horrelako adjektibo batzuk edukitzea, eta egun zailagoa da hori. Bagaude, baina ez dakigu oso ongi non, mapak eta denak desagertu baitzaizkigu. Eta bagoaz, baina ez dakigu oso ongi nora, ez pertsona bezala, ezta herri bezala ere. Orduan, zalantza eta kezka horietatik abiatutako proiektua da hau.
Proiektua garatzeko, Udalbiltzaren Geuretik Sortuak beka baliatu duzu, eta udan sormen egonaldiak egin zenituen Bizkaian, Ajangizen eta Muxikan. Nolako esperientzia izan zen?
Hiru egonaldi txiki egin nituen, eta, guztira, hamabost egun izan ziren bi herri horietan. Egonaldi haiek sorkuntza eta bulego lanak egiteko baliatu nituen batez ere, obra idazteko eta definitzeko neukalako oraindik ere. Obraren osagai nagusia hitza da, baina irudiek ere beren garrantzia dute, eta Ajangizko eta Muxikako hainbat bizilagun elkarrizketatu ditut, haien hitza ere agertzeko ikuskizunean. Horrekin batera, interesgarria iruditu zitzaidan Zarautzen eta Zuberoan gauza bera egitea. Beraz, saiatu naiz Euskal Herriko ahotsak hartzen bere osotasunean. Esan genezake testu sorkuntzan eta elkarrizketak egiten aritu naizela egonaldietan.
Egonaldiak hasierako hazia izan ziren, orduan?
Ideia aspalditik nerabilen buruan, eta hamabost egun horietan buru-belarri aritzeko aukera izan nuen. Lehenengo egonaldia maiatzaren 1eko asteburuan egin nuen, eta horrek balio izan zidan obra finkantzeko. Artean, hezkuntzan ari nintzen lanean, eta gero, irailetik aurrera, eszedentzia hartuta, obran zentratuta ibili naiz. Beraz, hango egonaldiak oso ongi etorri zaizkit, baina hortik aparte ere lan dezente egiten jarraitu dut.
Spoken word, musika elektronikoa eta irudiak uztartzen dituen performancea ondu duzu. Ideia bat egiteko, nola planteatu duzu ikuskizuna?
Oholtza gainean ni bakarrik egongo naiz presentzialki, baina niretzako irudiak beste pertsonaia bat gehiago izango dira. Musikak ere presentzia nabarmena izango du, nahiz eta ordenagailutik sartuta egongo den eta ez den zuzeneko musikaririk egongo. Edonola ere, musikari handi bat izan dut alboan musika sortzen: Merina Gris taldeko Julen Idigoras. Nik testuak bidali nizkion eta obraren ideia ere azaldu nion, eta neurrira egindako soinekoak bezala, neurrira egindako pieza elektronikoak sortu ditu. Eta nik spoken word erara aukeztuko ditut testuak, errezitatuz eta kantatuz, non errimak indar handia duen eta, batez ere, mezuak.
Musikan ez ezik, ikuskizuneko beste alderdi batzuetan ere izan duzu laguntza, ezta?
Hala da, bai. Ikus-entzunezkoetan Manex Artola Maneto-ren eta Unai Bordaren laguntza izan dut, zuzentzaritza artistikoan Iraia Eliasena eta Ainhoa Alberdirena, eta argiztapenean Mikel Landarena. Testugintzari dagokionez, jende gehiago izan dut ondoan: Andoni Egaña, Aner Peritz, Nerea Loiola, nire arrebak... Pentsatzerakoan nahiz hausnartzerakoan, zer esan eta nola esan erabakitzerakoan eta mezuak nola plazaratu zehazterakoan jende askori eskatu diot laguntza. Oholtza gainean ni egongo naiz, baina talde baten parte sentitzen naiz. Testua eta ekoizpena nireak diren arren, lantalde handia dago honen atzean.
Zure egonezin batetik sortutako proiektua dela aipatu duzu. Obran erantzun zehatzak azalduko dituzu ala asmoa gehiago izango da publikoa hausnartzera gonbidatzea?
Ikuskizunean nire gogoetak egingo ditut, eta nahiko nuke publikoak gogoeta horiek entzutea. Elkarrekin erantzuteko dei bat da, eta nire ustez, garai aldakor eta mugitu hauetan erantzun bat badago, aingura lana egin dezakeena, eta hori hizkuntza da, identitatea ematen digulako. Hausnarketak hortik bideratuta egongo dira. Emanaldiak bost atal izango ditu: nola bizi dugun denbora egun; naturarekiko deskonexioa; zoriona non eta nola bizi; maskulinitatea; eta hizkuntza.
Umore ironikoa eta zirtolaria erabili izan duzu zure bideoetan. Halako Imanol igoko al da oholtza gainera?
Dudarik gabe, ez naiz sermoietan arituko. Hori da nahiko nukeen azkeneko gauza. Nahi dut azaltzea Imanol Epelde bere zaurgarritasun, konbikzio eta umore guztiarekin, eta jendeari kilimak egitea. Uste dut norabide horretan aritu naizela bideoetan, eta emanaldiak ere izango du hortik.
Zure aurreko ikuskizuna Etxepare Rap izan zen. Zerbait sartu zait begian obra pertsonalagoa eta anbiziotsuagoa dela esan daiteke?
Zalantzarik gabe. Etxepare Rap lanarekin oso gustura nengoen, baina nire testuekin egindako emanaldi bat ondu nahi nuen. Ikusten nituen erreferente batzuk slam poesia eta spoken word formatuak lantzen zituztenak, erabat liluratzen nindutenak, eta hori egin nahi nuela esaten nuen nire kolkorako. Jakina, hori guztia nola egin? Zentzu horretan, askoz ere anbiziotsuagoa da obra, eta buru-belarri aritu naiz prestatzen.
Urtarrilaren 23an estreinatuko duzu ikuskizuna, Ajangizko elizan. Iristeko desiratzen?
Niretzako egun horretan hasi eta bukatuko da urtea. Pertsonalki, sorkuntzaren aldeko apustua egin dut, behin-behinean irakaskuntza utzita, eta nire birjaiotza izango dela uste dut, horretara emana. Ilusio handia egiten didan proiektua da, eta asko gozatzen ari naiz. Beraz, jendaurrean aurkezteko eta ahalik eta emanaldi gehien egiteko gogoz nago.