Traktore martxa egiten ari dira EBren eta Mercosurren arteko akordioaren aurka

Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 15a

Zarauztik bost traktore abiatu dira Biriatuko ordainlekura, eta bertan, Hego Euskal Herriko abeltzainekin eta nekazariekin bat egingo dute. 11:00etan elkarretaratzea egingo dute, eta, ondoren, manifestua irakurri.

EHNE, ENBA eta UAGN sindikatuek deituta, Hego Euskal Herriko abeltzain eta nekazariek traktore martxa egiten ari dira gaur goizean Biriatura (Lapurdi). Mobilizazioarekin Europar Batasunaren eta Mercosurren arteko merkataritza akordioa salatu nahi dute, eta, bide batez, dermatosi nodular kutsakorraren auziak eragiten dien kezka azaleratu.

Gipuzkoan, lau gunetatik abiatu dira nekazariak, eta elkargunetako bat Zarautz izan da; 09:00etan irten dira bost traktore, N-634 errepidetik, Orio aldera. Irungo Zaisa poligonoan bat egin dute guztiek ondoren, eta Ertzaintzak lagunduta, 11:00 aldera Biriatuko ordainlekura abiatu eta eskuinaldeko zabalgunean elkarretaratzea egingo dute. 12:00etan manifestua irakurriko dute eta 14:00ak arte bertan egongo dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide