Valca argazki lantegiaren atzera begirakoa, Photomuseumen

Aritz Mutiozabal 2026ko urtarrilaren 14a

Valca lantegiko eraikuntza abandonatuta. (Erika Ede)

Valca. Argazkigintza analogikoaren historia bat aldi baterako erakusketa ireki dute Zarauzko Argazki eta Zinema Museoan. Fabrikaren historiako etapa ezberdinetako hainbat material paratu dituzte bertan. Otsailaren 15era arte dago ikusgai.

Photomuseumeko aldi baterako erakusketa berriak Sociedad Española de Productos Fotograficos Valca enpresaren historia eta honek argazkilaritzari eginiko ekarpena jarri nahi du erdigunean. Valca. Argazkigintza analogikoaren historia bat izenburupean, bost enpresari bilbotarrek 1938an sortu eta 1993a bitartean iraun zuen lantegiaren atzera begirakoa jasotzen du

Horretarako, etapa ezberdinetako objektuak, liburuak, kartelak, dokumentuak, planoak eta argazkiak paratu dituzte Zarauzko Argazki eta Zinema Museoan, betiere garai eta testuinguru bakoitzean izandako aldaketei aurre eginez. Osagarri modura, gainera, Erika Ede eta IGA argazkilariek Valcako eraikinetan hartutako egungo irudiak ere jarri dituzte: behinhola indartsuak izan ziren instalazioak erabat abandonatuta eta landaretzak irentsiak.

Erakusketa otsailaren 15era arte bisitatu ahal izango da, asteartetik igandera, 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Era berean, solasaldia eta bisita gidatua antolatu dute hilaren 23rako, Javier Gonzalez de Duranaren eskutik; Gela programaren barruko saioa izango da, eta 18:00etan hasiko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide