600 kirolari elkartuko ditu Northfit Zarautzen hirugarren edizioak

Intza Trula 2026ko urtarrilaren 15a

Atleta batzuk, iazko Northfit Zarautz txapelketa jokatzen. (Aritz Mutiozabal)

Larunbatean eta igandean jokatuko dute txapelketa, igerilekuan zein pilotalekuan. Rx, Scaled eta Intermediate kategoriatan banatuta egongo dira parte hartzaileak, eta talde bakoitzean hiru atleta izango dira.

Crossfit txapelketaren lekuko izango da hirugarren urtez Aritzbatalde kiroldegia. Northfit Zarautz txapelketa jokatuko dute bertan larunbatean eta igandean, hainbat kategoriatan banatuta. Kirol hau praktikatzen duten pertsonen artean urteroko ezinbesteko hitzordu bilakatzen ari da, eta horren erakusle da izen emate kopurua: 600 kirolari inguruk parte hartuko dute aurtengo edizioan, eta horietatik %45 emakumeak dira.

Zarauzko Udaleko Kirol zinegotzi Inaxio Illarramendik argitu duenez, atleta gehienak zarauztarrak eta Urola Kosta eskualdekoak izango diren arren, Espainia osoko kirolariak elkartuko dira. Horiek guztiek hiru kategoriatan banatuta jokatuko dute lehia, Rx, Scaled eta Intermediate, eta talde bakoitza hiru lagunek osatuko dute. Era berean, kategoria bakoitzean emakumeak eta gizonezkoak bereiziko dira.

Hala, bi lehia eremu izango dituzte atletek asteburuan: igerilekua eta pilotalekua. Larunbatean igerilekuan hasiko dute txapelketa, 08:00etatik 12:00etara bitartean, eta pilotalekuan jarraituko dute. Igandean, berriz, pilotalekuan izango da jardunaldi osoa, 08:00etatik 14:00etara.

Txapelketaren atarian, Zarauzko Udalak antolakuntzaren eta tokiko kirol-sarearen inplikazioa azpimarratu nahi izan du. Illarramendiren esanetan, Northfit Zarautz "herri mailan jaio eta kanpora hedatu den ekitaldi baten adibide argia da". Parte hartzaileen ia erdia emakumezkoak izatea ere positibotzat jo du zinegotziak: "Bide onetik goazela erakusten du horrek". Ildo beretik, azpimarratu du udalak "berdintasuna eta kirola sustatzea helburu duten" hitzorduak bultzatzen jarraituko duela, "Zarauzko herria kirolaren erreferente izan dadin".

Interesa dutenek hemen jarrai ditzakete taldeen puntuazioak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide