X. Ramon Serras argazki lehiaketa irabazi zenuen abenduan. 26 parte hartzaile izan zituen sariketak, eta epaimahaiak guztien maila ona nabarmendu zuen. Lehen aldiz parte hartu zenuen zuk, eta dirudienez, bete-betean asmatu zenuen lehiaketak eskatzen zuenarekin.
Erabat sorpresaz harrapatu gintuen sariak, eta pluralean hitz egiten dut, bigarren postua nire bikotekideak lortu zuelako. Nire amak familiako Whatsapp taldera bidali zuen lehiaketan izena emateko esteka, eta bikotekidearekin hitz egin nuen, nik ez ezik, berak ere parte har zezan. Berak ere argazkiak ateratzen ditu, eta lehiaketara aurkeztuko ginela erabaki bezain pronto hasi ginen gure argazkien kutxan begira, aurkezteko irudi banaren bila. Irabazteko itxaropenik gabe parte hartu genuen, eta aitortu behar dut oso ondo pasatu genuela prozesu osoan zehar. Lehen bi sariak etxera ekarri ditugu, eta familian txiste bat baino gehiago eragin ditu horrek.
Artea zen aurtengo edizioko gaia. Erraza egin al zitzaizun argazki aproposa topatzea?
Erlojuaren aurka ibili ginen apur bat, eta gordeta genituen argazki guztiak sailkatu genituen, artearekin lotura izan zezaketenak eskura izateko. Kamera analogiko batekin ateratakoa da argazkia, gehienak horrela ateratzen baititut; asko gustatzen zait kamera analogiko batekin transmititzera hel zaitezkeena.
Zuri-beltza da aurkeztutako argazkia, irabazlea. Zer istorio du atzean?
New Yorken dago aterata argazkia, 2023an. Hemengo [Euskal Herriko] lagun bat bertsolaritzaren inguruko doktorego tesia egiten ari zen bertan, eta bisitan joan ginen lagun bat eta biok. Yonkers izeneko auzoan bizi zen gure laguna, newyorktar batekin, eta beraien egongelan atera nuen lehiaketara aurkeztutako argazkia.
Zerk bultzatu zintuen une horretan kamera hartu eta argazkia ateratzera?
Pentsatu gabeko argazkia da, bat-batean ateratakoa. Argazkiak izan zezakeen konposizioa gustatu zitzaidan, baita unea bera ere. Eszena polita zen, argazki batean jasota izan behar den horietakoa.
Argazkia pentsatu gabea dela diozu. Pieza hori lehiaketara aurkezteko erabakia ere hala izan al zen?
Intuizioz hautatu nuen argazkia, nahiz eta New Yorken ateratako beste argazki batzuk ere gustatzen zitzaizkidan. Argazki horrek zerbait bazuela iruditu zitzaidan, eta aurrera egin nuen, buelta gehiegi eman gabe.
Ramon Serras familiakoa zenuen; saria are bereziagoa egiten al du horrek?
Aitaren lehengusua zen Ramon Serras, eta horregatik bakarrik ilusio berezia egin digu lehiaketa irabazteak. Etxean baditugu berak ateratako argazkiak, eta orain bere omenezko lehiaketa irabaztea oso polita izan da bai guretzat eta baita gure familia osoarentzat ere. Ez dakit datorren ediziora aurkeztuko garen ala ez, baina egia da prozesu osoan zehar gozatu egin dugula, eta horrek asko animatzen du bat.
Eskuan kamera batekin hazi zen Maddalen Serras ala geroago harrapatu zintuen mundu honek?
Gurasoen etxean argazki kamera bat edo beste eduki izan dugu, baina unibertsitatera joan nintzenean hasi nintzen horiek gehiago erabiltzen, gaztaroan. Ikus-entzunezko Komunikazioko gradua ikasi nuen, eta ikasten ari nintzela ezagutu nuen gehiago argazkigintza. Gainera, urte haietan osatu genuen lagun taldean ere asko erabiltzen ditugu kamerak; elkartu egiten gaituzte kamerek.
Zure egunerokoan zer-nolako lekua du argazkigintzak?
Gaur egun oporretan edota egun berezietan ateratzen ditut argazkiak; hau da, ez dut ohiturarik egunerokotasunean kalera kamera batekin joateko. Gainera, gaur egungo sakelako telefonoek kamera oso onak dituzte, eta edozein unetan atera ditzakezu argazki politak. Badago jendea kamera hartu eta argazkien bila joaten dena, baina ez da nire kasua; nik ez dut horrela funtzionatzen.
Argazki lehiaketei tarte bat egiten hasiko al zara aurrerantzean?
Argazkigintza zaletasun bat da niretzat, baina Ramon Serras lehiaketa irabazi ostean, Argizaiola lehiaketara gonbidatu gaituzte. Hortaz, aurkeztu egingo gara, eta ikusiko dugu zer ateratzen den. Ez dakit gero zer gertatuko den, baina egia da sariketa honek indarra eman didala, eta ilusioa piztu didala aurrera jarraitzeko. Gogoa dagoen bitartean, saiatu egin behar da!