Zarauzko Udaleko Kultura sailak pasa den ostiralean jarri zituen salgai datozen hilabeteetan Modelon eskainiko diren emanaldietarako sarrerak, eta dagoeneko agortu dira zenbait emanalditarako txartelak. Hain justu, amaitu dira Olaia Inziarteren kontzerturako sarrerak, baita Bi baso bat ur antzezlanerakoak ere.
Otsailaren 20an, ostiralez, eskainiko du emanaldia Inziartek, 20:00etan, hasita. Zerrautsa izeneko albuma aurkeztuko du Oronozko abeslariak Modelo aretoan.
Bi baso bat ur antzezlana, berriz, martxoaren 13an izango da. Metrokoadroka kolektiboaren lana da, eta dantzalekuaren erdian ezin mugiturik dauden lau pertsonen istorioa du oinarri. Zehazki, tratu txarren osteko alaitasunaz mintzo da.
Hala, hemen kontsulta daiteke urteko lehen sei hilabeteko kultur egitaraua.