Errege Magoen ilusioa herritarren aurpegietan islatu da

Usua Garin 2026ko urtarrilaren 5a

18:00 aldera ekin diote ohiko desfileari Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek, eta Zarauzko haurrek, gazteek zein helduek ongietorri beroa egin diete. Kalez kale ibili ondoren, Lege Zaharren Enparantzan egin dute ekitaldi nagusia.

Ekialde Urrunetik bidaia luzea egin ondoren, gaur arratsaldean iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar, eta zarauztarrek, ilusioz gainezka, harrera beroa egin diete aurten ere. Gau magikoa da gaurkoa: Errege Magoek arreta handiz irakurri dituzte atzo Bizarzurik helarazitako gutun guztiak, eta ahalegin berezia egingo dute opariak etxe guztietan banatzeko. Aurrez, ordea, herritarrekin ospatu dute etorrera.

Santa Ana egoitzako bizilagunak bisitatu ondoren, 18:00etan eman diote hasiera desfileari Bizkaia kaletik. Eguraldia lagun izan dute ibilbide osoan zehar, eta, ohi bezala, Azken Portu, Zelai Ondo eta Gipuzkoa kaleak zeharkatu ostean, Kale Nagusian geldialdia egin dute, Torre Luzea parean, Herodesi bisita egiteko.

Ohiturari jarraiki, ekitaldi nagusia Lege Zaharren Enparantzan egin dute: dantzariek agurra egin diote estalpean zegoen Jesus haurtxoari, eta Errege Magoek ohiko bertsoak kantatu eta opariak eskainiko dizkiote,  jendearen txalo zaparrada artean.

Amaieran, bertaratu diren haurrekin zein helduekin argazkiak ateratzen eta goxokiak banatzen aritu dira. Esan bezala, gaurkoa gau magikoa da, eta herritar guztiak pozik itzuli dira etxera, zapata ondoan zer utziko ote dieten amestuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide