Euskal Herriko hiriburuetan eta hainbat herritan mobilizazioak deitu zituzten atzo arratsaldean, AEBek Venezuela erasotu eta Nicolas Maduro presidentea preso hartu zuela salatzeko. Zarautzen ere hainbat herritar elkarretaratu zen Lege Zaharren Enparantzan, Eraso inperialistarik ez. Venezuelak burujabetza.Venezuelar herriarekin bat! mezua zereman pankartaren atzean.
Ordu laurdeneko bilkuraren amaieran, mobilizazioaren deitzaileek jazoko "gertakari larriak" irmoki gaitzetsi zituzten: "Guztiz neurrigabeak dira, eta ez dituzte inondik inora nazioarteko legedia eta Nazio Batuen Erakundearen karta errespetatzen". Ildo horretan, munduko herri guztien burujabetasuna aldarrikatu zuten, "ezinebesteko printzipio gisa", eta argi utzi zuten venezuelar herriari dagokiola Venezuelaren gaineko erabakiak hartzea.
AEBetako presidente Donald Trumpek kargua hartu zuenetik "munduko herrien aurkako estrategia neokoloniala" ezartzen ari dela azpimarratu zuten; Palestina, Latinoamerika eta Karibe jomuga dituela aipatuz. "Monroe Doktrina eguneratuta, diskurtso belizista kezkagarri batekin, erasoa eta txantxaia normalizatu nahi ditu Washingtonen eta kontinentearen harremanean".
Maduro eta bere emaztearen "bahiketak" egoera bideratzen ez dutela laguntzen azaltzeaz gain, haiek aske uztea beharrezkotzat jo zuten. Era berean, elkartasuna adierazi zioten Venezuelako herriari, eta "haien autodeterminazioa, instituzioa, subiranotasuna eta lurraldetasuna" errespetatzeko eskatu zuten.