Zarauzko Udaleko Berdintasun Sailak abian jarri du Martxoak 8ko XVIII. Kartel Lehiaketa, eta dagoeneko eskuragarri daude parte hartzeko kontuan hartu behar diren oinarriak. Lanak berdintasuna@zarautz.eus helbidera bidali behar dira, nahitaez formatu digitalean, eta horiek aurkezteko epea urtarrilaren 22an amaituko da, 12:00etan.
18 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du lehiaketan, banaka zein taldean. Egile bakoitzak lan bakarra aurkeztu ahal izango du, eta lanak originala eta argitaragabea izan beharko du. Diseinuak ezinbestean Emakumeen Nazioarteko Egunarekin zerikusia izan beharko du, eta ondorengo testua bakarrik eramango du: 2026ko martxoaren 8a. Emakumeen Nazioarteko Eguna.
Lehiaketa honetan bi sari banatuko dituzte: lehen saria 600 euroko izango da eta epaimahai batek ebatziko du; eta bigarren saria, berriz, publikoak erabakiko du, eta irabazleak 200 euro jasoko ditu. Publikoaren saria, ohi bezala, Berdintasun departamentuaren Facebook sare sozialaren bitartez bozkatu ahal izango da. Behin lehiaketa amaitutakoan, Berdintasun departamentuak erakusketa bat irekiko du Emakumeen Etxean aurkeztutako lan guztiekin.
Gloria Vazquez Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, “lehiaketa honek herritarrak berdintasunaren inguruko hausnarketan eta sentsibilizazioan inplikatzeko aukera ematen du, artea eta sormena eraldaketarako tresna gisa erabiliz”.