Errege Magoak duela egun batzuk abiatu ziren Ekialde Urrunetik, eta urtero bezala, garaiz iritsiko dira bihar arratsalderako Zarautzera. Aurten ere, ohiko ibilbidea osatuko dute Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek, baina desfilearen hasiera ordutegia zertxobait aurreratu dute, eta 18:00etan irtengo dira Santa Ana egoitzatik.
Herriko kaleak zeharkatu eta herritarrak agurtu ondoren, Torre Luzean egingo dute lehen geldialdia, Herodesi bisita egiteko. Ondoren desfileak aurrera jarraituko du, eta ohi bezala, Lege Zaharren Enparantzan izango da ekitaldi nagusia. Bertan, Errege Magoek ohiko bertsoak kantatu eta opariak eskainiko dizkiote estalpean egongo den Jesus haurtxoari.
Aurten, gainera, inoiz baino gozoki gehiago banatuko dituzte Meltxor, Gaspar eta Baltasarrek: 720 kilo inguru. Orain arte, ekitaldia antolatzen duen Schola Canturom abesbatzak ordaintzen zuen gozoki horien gastua; oraingo honetan, aldiz, Rural Kutxak eman dizkie.
1949. urtetik, urtero antolatzen du Schola Canturomek Errege Magoen desfilea ikusgarria. Abesbatza azpimarratu du ez litzatekeela berdina izango bertan parte hartzen duten 250dik gora zarauztarren laguntzarik gabe. Zentzu horretan, antolatzaileen talde motorra oso eskertuta agertu da herritarrek ekitaldi honi eskaintzen dioten laguntzagatik eta babesagatik.