Zarauzko Udaleko Kultura sailak 2026ko lehen sei hilabeteko kultur egitaraua aurkeztu berri du, eta Modelo aretoko emanaldietarako sarrerak gaur arratsaldean jarriko ditu salgai, leihatilan bertan zein online bidez. 19:00etatik aurrera izango da, eta urtarril, otsail eta martxoko emanaldietarako sarrerak eskuratu ahal izango dira.
Aurten, zenbait aldaketa aurreikusi dituzte sarrerak erosteko aukera berdintasuna bermatzeko. Hori horrela, bi epe zehaztu dituzte: lehena, gaur zabalduko dutena izango da, eta lehen hiru hileko emanaldietarako sarrerak jarriko dira salgai; eta bigarrena, apirilaren 10eko 19:00etatik aurrera, eta apiril eta maiatzeko emanaldietarako sarrerak jarriko dira salgai.
Bi kasuetan, aldi berean jarriko dira salgai leihatilan zein online (tickets.kutxabank.es plataforma). Aretoaren edukieraren erdia Kutxabank sarreren plataformaren bidez jarriko dira salgai, eta beste erdia leihatilan salduko dira. Horrela, bertaratzen direnek eta etxetik erosten dutenek aukera bera izango dute.
Bestalde, pertsona bakoitzak eros dezakeen sarrera kopurua ere mugatu egingo dute eta aurrerantzean, gehienez ere lau sarrera erosi ahal izango dira pertsonako. Modeloko txarteldegia zinema saioak hasi baino 45 minutu lehenago zabalduko dituzte, eta herritarrek orduan eros ahal izango dituzte emanaldietarako sarrerak.