Judo Klub Lizardi-Zarautzek maila handiko judokak dituela erakutsi du, bai kirol arloan bai giza alorrean.
Guztira, klubeko sei kirolari aurkeztu ziren Donostian izandako gerriko beltzaren azterketetara; kategoria ezberdinetan eta federazioko epaimahaiaren aurrean, eskakizun tekniko handiko probak gainditu behar izan zituzten. Judo klub Lizardik modu oso positiboan baloratu du bere kirolarien lana.
Irati Aramendi, Lander Rezabal, Iñigo Osa eta Aran Sarasola gerriko beltza 1. Dan lortzeko lehiatu ziren. Guztiek programa osoa defendatu zuten, maila ona erakutsiz. Gerriko beltza 2. Dan mailako azterketan, Lore Austingek tokui waza eta dagokion kata soilik egin zituen, proba sendotasunez gaindituz. Beñat Villanuevak azterketa bikaina egin zuen gerriko beltza 3. Dan lortzeko, bereziki Kime no Kata-ren exekuzioan nabarmenduz; egurrezko armak erabiltzen dituen kata zorrotza da, eta maisutasunez defendatu zuen.
Aipamen berezia merezi du Lander Rezabal Gonzalezen lanak. 23 urteko judoka honek bost urte zituenetik praktikatzen du judoa, eta desgaitasun intelektuala izanagatik ere, aspaldiko ametsa betetzea lortu zuen: gerriko beltza eskuratzea. Bere iraunkortasunak, ilusioak eta eguneroko ahaleginak kluba eta entrenatzailea prestaketa-plan espezifiko bat egitera bultzatu zituzten, azterketara baldintza berdinetan aurkezteko. Euskal Judo Federazioaren laguntzarekin, kata-ko keinuak eskuin aldean soilik egiteko moldatu ziren, ikasi beharreko mugimenduak errazteko, betiere gainerako edukia aldatu gabe.