Amaiera maitasun kantu bat dela abesten du Eraso! taldeak. Abesten zuen, hobeto esanda. Atzo agurtu baitzen Zarauzko rock-metal laukotea haien jarraitzaileengandik, 30 urteko ibilbide oparoaren ondoren, Tolosako Bonberenean eskainitako kontzertuan. Familiako kideak, gertuko lagunak, musika arloko adiskideak... inork ez zuen galdu nahi izan hitzordu historikoa, eta aretoa topera bete zen taldea azkenekoz zuzenean ikusteko; astea amaitzerako sarrera guztiak agortuta zeuden.
Emanaldi gogoangarria izan zen benetan. Alde batetik, Eraso!-ren bertsiorik onena ikusteko parada izan zelako; doinu bortitzen eta melodia sarkorren uztarketa ederra eskaini zuten, energia bizia erakutsiz oholtza gainean. Haientzat urteak ez direla pasa ematen zuen. Zaleen berotasunak eta "Eraso! Eraso!" oihuek ere lagundu zuten taldekideei bultzada ematen. Izan ere, Sertx abeslariak eta gitarristak argi esan zuen kontzertuko une batean: "Sentimentu asko ditugu une honetan bueltaka: tristura, poza, eskertuta...".
Bestetik, luxuzko kolaboratzaileek egin zuten berezi azken agurreko kontzertua. Eraso!-ko kide izandako bi baxu jotzaile igo ziren taula gainera aspaldiko partez. Lehenik eta behin, Ander Izeta izan zen, eta Egunak eta Sosegu eza abestiak jo zituen; beranduago, Amaiur Cajaravilleren txanda izan zen, eta, besteak beste, Ikusi eta ikasi jo zuen. Gonbidatuen zerrenda luzeagoa izan zen: Kokein taldeko abeslari Zaloa Urain, Cobra taldeko abeslari Haritz Lete, Sega Sound Killer eta NaizPresidentek taldeetako abeslari Matxet, Rat-Zinger taldeko bateria jotzaile Xabi del Val, Sealed Room taldeko abeslari Iñigo Cano eta Kruddo taldeko kide Txaber Miravalles.
Azken txanpako abesti sorten aurretik, oholtza gainera igo ziren kolaboratzaile guztiekin topa egin zuten kaba botilak zabalduz. Une horretatik aurrera, amaiera gero eta gertuago zegoela jakitun, Eraso!-ko kideak hunkitzen hasi ziren pixkanaka-pixkanaka. Oroitzapenak, Erantzunik gabe, Altzairuzko taupadak, Gertaerak eta Aurrera abestiekin borobildu zuten emanaldia, borobildu zituzten 30 urteko abenturak, esperientziak eta bizipenak.
Biziki eskertuta, emozioz beteta eta begiak malkoz gorrituta gerturatu ziren oholtzaren ertzeraino Sertx, Nestor, Beitia eta Castro, bertaratu ziren guztiei agur esatera. Azken batean, amaiera maitasun kontzertu bat da.