Aritzbatalde kiroldegia puzgarriz eta jokoz atondu du beste urte batez Haur Kultur Taldeak, eta atzo arratsaldean ireki zuen Gabonetako Haur Parkea dibertsitate funtzionala duten haurrentzat. Gaur jada 12 urte bitarteko neska-mutiko guztientzat jarri du erabilgarri, eta bihar arratsaldera arte nahi beste ibiltzeko aukera izango dute jolas jostagarrietan.
Azken urteetako dinamikari jarraituz, adinaren arabereko bi gune berezi dituzte: 0-7 urte artekoen puzgarriak kiroldegiko kantxan jarri dituzte, eta 8-12 urtekoenak, berriz, pilotalekuan. Bi eremutan jendetza bildu da gaur goizeko saioan, egitasmoak duen erantzun onaren seinale.
Gabonetako Haur Parkea goizez zein arratsaldez egongo da zabalik, 11:00etatik 13:00etara eta 16:30etik 19:00etara, eta doako sarrera izango du.