Antzerkiarekin abiatuko dute 2026ko kultur eskaintza

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 28a

Irune Urbieta Kultur zinegotzia, ezkerretik bigarrena, eta udaleko Kultura eta Liburutegi departamentuetako lantaldea. (Zarauzko Udala)

Feriantes obra eskainiko dute urtarrilaren 16an, Modelon, eta astebete geroago, Desobedienteak 18/98 antzezlana; antzerkia familianen barruan, urtarrilaren 18an, Nire beldurrik maiteenak ikuskizuna. Sarrerak urtarrilaren 2an jarriko dituzte salgai, aretoko leihatilan eta online. Gainerakoan, kultur egitarau oparoa prestatu dute lehen sehilekorako, askotariko ekitaldiekin.

Zarauzko Udaleko Kultura sailak 2026ko lehen sei hilabeteko kultur egitaraua aurkeztu du, eskaintza oparoa osatuz Modelo aretorako eta Sanz Enea kultur etxerako. Beraz, ez dira faltako antzezlanak, kontzertuak, dantza emanaldiak, familia osoari zuzendutako ikuskizunak, literatura solasaldiak, tailerrak eta erakusketak, adin eta gustu guztietako herritarrak asebetetzeko.

Urtea antzerkiarekin hasiko da. El Patio Teatrok Feriantes antzezlana taularatuko du urtarrilaren 16an; barrakei, tiobiboei eta horien bidez ilusioa zabaltzen duten langileei omenaldia egiten dio obra honek. Astebete geroago, urtarrilaren 23an, Desobedienteak 18/98 antzezlana eskainiko du Tanttaka Teatroak; 18/98 sumarioa eta desobedientzia zibila ardatz ditu, eta aktoreen artean Iñigo Azpitarte zarauztarra dago. Martxoan 13an, berriz, Metrokoadroka konpainiak Bi baso bat ur antzezlana estreinatuko du; obra hau tratu txarren osteko alaitasunaz mintzo da, eta Iraia Elias zarauztarra antzezle-zerrendan dago.

Musikaren alorrean, Olaia Intziarte abeslari oronoztarrak Zerrautsa disko berria aurkeztuko du zuzenean otsailaren 20an, eta dantzari dagokionez, Osa+Mujika konpainiak Lana ikuskizunataularatuko du apirilaren 24an, Dantzaren Nazioarteko Egunaren bueltan. Ohi bezala, musika, antzerki zein dantza emanaldi guztiak 20:00etan hasiko dira.

Haurrei zuzendutako antzerkiak ere bere lekua izango du hilero-hilero. Urtarrilaren 18an, Nire beldurrik maiteenak antzezlana eskainiko du Producciones Maestras konpainia nafarrak; otsailaren 22an, Marie de Jongh konpainiaren Kimu azken lana; martxoaren 22an, Markeliñe konpainiaren Hodei guztien gainetik; apirilaren 19an, familia osoari zuzendutako Xomorrotxoak antzezlana aurkeztuko du Spasmo Teatrok; eta maiatzaren 31n, Literaturia jaialdiaren barruan, Kukai dantza konpainiaren Klera ikuskizun berezia.

Sarreretan aldaketak

Modelo aretoko emanaldietarako sarrerak, ohi bezala, leihatilan bertan edo online erosteko aukera izango da, baina zenbait aldaketa aurreikusi dira datorren denboraldirako, sarrerak erosteko aukera berdintasuna bermatzeko. Hori horrela, bi epetan egingo da salmenta: lehena, urtarrilaren 2ko 19:00etatik aurrera izango da, eta urtarril, otsail eta martxoko emanaldietarako sarrerak jarriko dira salgai; eta bigarrena, apirilaren 10eko 19:00etatik aurrera, eta apiril eta maiatzeko emanaldietarako sarrerak jarriko dira salgai.

Bi kasuetan, aldi berean jarriko dira salgai leihatilan zein online (tickets.kutxabank.es plataforma). Aretoaren edukieraren erdia Kutxabank sarreren plataformaren bidez jarriko dira salgai, eta beste erdia leihatilan salduko dira. Horrela, bertaratzen direnek eta etxetik erosten dutenek aukera bera izango dute. Bestalde, pertsona bakoitzak eros dezakeen sarrera kopurua ere mugatu egingo dute eta aurrerantzean, gehienez ere lau sarrera erosi ahal izango dira pertsonako. Modeloko txarteldegia zinema saioak hasi baino 45 minutu lehenago zabalduko dituzte, eta herritarrek orduan eros ahal izango dituzte emanaldietarako sarrerak.

Erakusketak eta tailerrak

Sanz Enea eta Torre Luzea aretoan hainbat erakusketa aurreikusi dituzten urteko lehen seihilekorako. Batzuk nabarmentze aldera, Iban Illarramendi ilustratzaile zarauztarrak bere lanari buruzko mostra aurkeztuko du kultur etxean, otsailaren 5etik martxoaren 22ra; martxoaren amaieran, Aste Santuen bueltan, Argazki bilera zabalduko dute herriko erakusketa aretoetan, Photomusemen ekimenez; eta maiatzaren 29an Zarauzko Argazkizale Elkartearen erakusketa kolektiboa zabalduko dute Torre Luzean.

Liburutegian, era berean, ohikoak bihurtu diren helduen eta gaztetxoen irakurle taldeez gain, hainbat nobedade izango dituzte: mikroipuinak tailerra, tailer berritzailea eta zientzia tailerra, alegia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide