Eraso! taldeak agurreko kontzertua emango du bihar, Bonberenean

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 26a

Eraso! musika taldea. (Eraso!)

Hiru hamarkadaz rock eta metal doinuak han-hemenka barreiatu ondoren, Zarauzko laukoateak bere azken emanaldia eskainiko du Tolosako aretoan. Emanaldia 22:00etan hasiko da, eta sarrera guztiak agortuta daude.

30 urteko ibilbidearen ondoren, Eraso! musika taldeak agurreko kontzertua emango du bihar iluntzean Tolosako Bonberenean. Azken emanaldi-festa hiru hamarkada luze hauetan alboan izan dituzten guztiekin ospatu nahi duela iragarri du, gainera. "Gau berezia izango da, bakarra eta errepikaezina: indarrez, oroitzapenez eta emozioz betetako kontzertua, Eraso! taldearen historia merezi duen moduan ixteko", adierazi dute sare sozialen bidez.

Zarauzko laukoteak Azken batean azken diskoa argitaratu zuen iazko maiatzean, hamabi abesti berrirekin, eta agurreko diskoaz eta biraz gozatzen aritu da Euskal Herrian barna urtebete pasatxoz. Orain, behin betiko kontzertua etorriko da, Eraso! taldearen historiako azken kapitulua itxiko duena. "Azken finean, hainbeste bizipen partekatu ditugu batera, onak zein txarrak, eta orain, gainera, agur esango dugu ozen guztien aurrean, gustura eta pozik", adierazi zuen Sertx taldekideak diskoa atera berritan, Gukari emandako elkarrizketan.
 
Bonbereneako azken kontzertua 22:00etan izango da, eta aretoko ateak 21:00etan zabalduko dituzte. Lagunarteko saioa izango da, eta hainbat gonbidatu izango dituzte oholtza gainean; bestea beste, Eraso!-ko kide izandako Amaiur Cajaraville eta Ander Izeta. Sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide