Zarautz Abesbatzak Gabonetako Kontzertu Solidarioa eskaini zuen gaur zortzi Frantziskotarren elizan, Zarautz-Palestina herri ekimenarekin elkarlanean, Palestinaren alde. Kontzertuaren amaieran jendeak dohaintza egiteko aukera izan zuen eta, era berean, kontu korronte zenbaki bat ere jarri zuten ekarpen ekonomikoan egiteko. Elkartasun egitasmoak bere fruituak eman ditu, eta, guztira, 1.950 euro bildu dituztela jakitera eman dute.
Zarautz-Palestina herri ekimeneko kideak gustura agertu dira lortutakoarekin, eta eskerrak eman dizkiete antolatzaileei eskainitako aukeragatik, baita kontzertura bertaratu ziren herritar guztiei ere, "eskuzabaltasunez egin zuten ekarpenengatik".
Herri ekimenak lortutako dirua Palestinara bideratuko du orain, Mundu Bat Gobernuz Kanpoko Erakundearen bitartez.