Ilusioz blaitu da Santuiturri, Gabon egunez

Aritz Mutiozabal 2025eko abenduaren 24a

Euria egiten duen arren, Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerako festa ospatzen ari dira goizetik Santuiturri plazan. Puzgarriak bertan behera utzi badituzte ere, haurrak gustura aritu dira marrazketa eta eskulan txokoan, eta herri kirol erakustaldiak ikusmina sortu du beste urte batez. 

Iaz bezala, bustitik hasi da Gabon eguna, eta arkupean ospatu behar izan dute Santuiturri plazako Olentzeroren eta Mari Domingiren etorrerako festa. Gainera, beste urte batez, bertan behera utzi behar utzi behar izan dituzte puzgarriak. Hala ere, arratsaldean helduko diren bi ikazkinek ilusioz blaitu dituzte herritarrak, eta haurrak zein gurasoak gustura aritu dira aurreikusita zeuden marrazketa eta eskulan txokoan. Parte hartzaileek, gainera, oparia eta txorizo pintxoa jaso dute trukean amaieran.

Eguerdiko herri kirolen erakustaldiak, urtero bezala, ikusmina sortu du, eta eguraldiak lagundu ez arren, harri jasotzaile eta aizkolari gazte eta beteranoek saio ederra eskaini dute. Karpa txiki pare bat atondu dituzte harri jasotzaileentzat, eta harri ezberdinekin hainbat lan egin dituzte Jokin Eizmendin, Imanol Royo Lartain-ek, Eñaut Irizarrek eta Maddi Salterainek. Atari zabalean aritu dira nor baino nor, aldiz, Xabat Olaizola, Iñigo Landa, Oier Zubizarreta eta Jakes Iruretagoiena Izeta V.a aizkoran.

Olentzero eta Mari Domingi arratsaldean iritsiko dira Santuiturrira, herriko haurren gutunak jasotzera. Baina hori Iago Magoren ikuskizunaren ondoren izango da; emanaldia 16:45ean hasiko da. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide