Zarautz Kirol Elkarteko pilota atalak antolatuta, Gabonetako Pilota Jaialdiaz gozatzeko aukera izan zuten herritarrek atzo arratsaldean Aritzbatalde pilotalekuan. Doako sarrera jarri zuten antolatzaileek, eta jendetza elkartu zen iragarrita zeuden bi partidak ikusteko; batez ere, Mikel Goñi pilotari profesional ohiak sortu zuen ikusmin gehien.
Lehenengo norgehiagokan, Eneko Bidezabalek eta Beñat Elolak osatutako bikoa nagusitu zen 22-18ko emaitzarekin Paraguayo VII.aren eta Galarragaren aurka . Partida nagusian, berriz, Mikel Goñi eta Aizpuru gailendu ziren Jokin Bidezabalen eta Iker Elizegiren aurka; hauek ere 22-18koarekin itxi zuten markagailua.
Jaialdiaren amaieran, pilota eskolako ikasleekin atera zuten familia argazkia partidak jokatu zituzten jokalariek.