Jose Luis Padron poeta, irrati esatari eta eusko ikasgaietan aditua Bitoriano Gandiagaren bizitzaz eta obraz aritu zen solasean atzo arratsaldean, Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan, Garazi Navas akordeolaria eta Arrai Zopa kantu taldea lagun zituela. Gandiagaren Gabon dut anuntzio liburu bilduma izan zuen ardatz ekitaldiak, eta poeta mendatarraren Gabonetako eta Eguberritako testuingurua eta bizipenak biziberrituko zituzten kantuz, soinuz eta hitzez.
Aipatu liburuaren nondik norakoak, xehetasunak eta bitxikeriak azaldu zituen luze eta zabal Padronek, eta Gandiagaren poesiagintzarako dohainen, ibileren eta garaipenen inguruko hainbat zertzelada ere eman zituen. Era berean, haurtzaroarekiko eta gurasoekiko lotura sentimenduak, ikuspegi sozial kritikoak eta behar gehien zutenekiko zuen borondate erlijiosoak nola eragin zuen haren poesiagintzan esplikatu zuen.
Azalpen eta azalpen artean, Navasek akordeoiarekin pieza batzuk jo zituen, oso modu librean, kasik esperimentziora joz; batzuk Gabon dut anuntzio liburuan topa daitezken poesien doinuak izan ziren, eta beste batzuk, berriz, Gabon kanta ezagunagoak. Padronek berak, halaber, poeta frankiskotarraren zenbait poema errezitatu zituen tarteka.
Arrai Zopa kantu taldeak ekitaldiko aldarte alaiena jarri zuen. Solasaldian zehar hainbat Gabon abesti kantatu zituzten, publikoa haiekin abestera animatuz: Olentzeroren hiru abestiak –Olentzero joan zaigu, Olentzero, begi gorri eta Olentzero buru haundia–, Alaken, Kanta kantari, Ai, hau gauaren eta Gabonak datozela ta, hain zuzen ere.